argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxeetan jardunaldi jarraia ezartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, pandemia larriagotzearekin batera
  • Euskadiko Jardun Jarraiaren Aldeko Plataformak EAEko administrazioari eskatu dio "jardunaldi mota aukeratzeko eskubidea" berma dezala. Bere ustez pandemia "egunez egun larriagotzen" ari da eta hezkuntzako protokoloak aurreikusten duen 2. agertokira pasa beharko litzateke.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 05
Jardun jarraiaren aldeko manifestua irakurtzen joan den irailean Gasteizen.

Jardun Jarraiaren Aldeko plataformak azaldu duenez, ez dute "ulertzen" nola oraindik ez diren igaro EAEko ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko protokoloak aurreikusten duen 2. agertokira. Agertoki horrek ahalbidetzen du malgutasun gehiago, eta goizeko ordutegi presentziala "babes neurri bat" dela dio, kutsaduraren aurrean.

"Ez dugu ulertzen Administrazioak Jardun Jarraiaren aurrean daukan jarrera itxia, derrigortzen milaka familia jantoki-zerbitzua erabiltzera, edo eskolara 4 bidaia egitera jantokia itxita duten edo zerbitzu hori erabili nahi ez duten kasuetan", diote plataformatik.

Gogorarazi dute EAEko Bigarren Hezkuntzan jadanik ezarri dela jardunaldi mota hori eta Nafarroan hezkuntza-etapa guztietan: ">Espero dugu Eusko Jaurlaritzak urrats bat ematea ildo horretan, eta eskaera hau babesten duten milaka familiei entzutea.

Euskadiko Jardun Jarrairen Aldeko Plataformak manifestua publikatu zuen ikasturte hasieran eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 10.000 guraso inguruk sinatu dute.