Ebaluazio hezitzailea liburuxkaren 7.000 ale argitaratu ditu LAB sindikatuak, Euskal Herriko ikastetxeetako irakasle-gela guztietara iristeko asmoz. Bizpahiru urtetan hezkuntza komunitateko eragileekin batera landutako prozesuaren eta iaz antolatutako Ebaluazio hezitzailea iruten jardunaldien emaitza da liburuxka, eta teoriatik praktikara salto egiteko dekalogoa jaso dute bertan, bestelako ebaluazio eredu bat helburu.
Orain arteko gogoetari jarraipena ematea eta praktikan jartzea da asmoa, eta horretarako, liburuxka ateratzeaz gain ebaluazio hezitzailearen inguruko formakuntza ere eskainiko du sindikatuak. Dagoeneko hainbat ikastetxe eta guraso elkartetik jaso dute formakuntzarako eskaera (iruten@lab.eus helbidean egin daiteke eskaera).
Behetik gora iraultzen
Sinetsita daude eskoletatik bertatik ekitea dela bidea, administrazioaren goitik beherako aginduaren zain geratu gabe. Ikastetxeak eta eskola komunitateak berak bultzatu eta jarriko baitu martxan paradigma aldaketa, sistemak uzten dizkion zirrikituak baliatuta; horregatik bidaliko dute liburuxka ikastetxeetara (LABeko irakaskuntza arloko afiliatuek ere jasoko dute etxean). Hori bai, Eusko Jaurlaritzari ere helaraziko diote dekalogoa, EAErako hezkuntza akordioa gauzatzeko aintzat har dezaten eta administraziotik behar diren neurriak hartu eta baldintzak jar ditzaten.
Ebaluazioa ulertzeko beste modu bat
Besteak beste, Iruten filosofia eta iaz antolatutako mahai-ingurua irakurri ahalko dituzu liburuxkan, eta azkeneko atalean, gako nagusiak bildu nahi dituen dekalogoa. Dekalogoak bi oinarri ditu: batetik, ikaslea da protagonista eta erdigune; eta bestetik, ebaluazioa beste modu batera ulertu behar da, alegia ez ikuspegi ezkorretik (akatsak nabarmentzea, gainditzen ez duenarentzako zigor gisa…), positibotik baizik, garatzen eta hobetzen lagunduko duen bitarteko bezala.
Honako hamar puntuak jorratzen ditu dekalogoak:
Ebaluazio eredu propioa
Ebaluazioaren helburuak
Barne eta kanpo ebaluazioa
Ikaslea ikaste-irakaste prozesuaren ardatz
Konpetentzietan ebaluatu
Curriculuma
Informeak aldatu, notarik ez
Langileon ebaluazio hezitzailea
Ikastetxeen ebaluazioa
Sistemaren ebaluazioa
Irakurri liburuxka osoa PDF formatuan.
Gaiaz gehiago:
Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute