STEILAS sindikatuaren LGTIBQ Taldeak genero eta aniztasun sexuala lantzen laguntzeko gidaliburua aurkeztu du ostegunean, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queerrekiko fobiaren aurkako nazioarteko egunaren atarian.
Ikastetxeetan LGTBIQfobia normalizatu izana salatu dute: “Darabilgun hizkera adibide ezin hobea da ikusteko zein punturaino duen hainbatek, marimutil edo marikoi bezalako hitzak euren hiztegian sarturik”.
“Hezkuntza komunitatea jendartea bezain anitza da. Ikasle, irakasle, irakasle ez diren langile eta familia LGTBIQren ikusgarritasuna gero eta handiagoa da, eta horien guztien eskubideei trataera egokia eman behar zaie”, adierazi dute STEILAS sindikatuko LGTBIQ Taldeko kideek.
Ezinbesteko eskubideez ari direla azpimarratu dute eta eguneroko jardueretan aniztasuna agertzeko hainbat adibide aurkeztuko dituzte gidaliburu honen bitartez: “Benetan hezkidetzailea den hezkuntza emango badugu, hausnartu eta deus aldatu behar ote dugun ikusi behar dugu. Guregatik, hezkuntza komunitate osoagatik, aniztasunaren aldeko apustuagatik”.