argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxean bertan sukaldea eraikitzeko eskaera egin diote Hezkuntza Sailari EAEko hamazazpi eskola eta institutuk
  • Eskolako jangelan menu osasungarriak, kalitatezkoak eta jasangarriak eskaintzeko lehen urrats gisa, menu horiek ikastetxean bertan prestatu ahal izateko eskolan sukaldea eraikitzea eskatu diote EAEko hamazazpi eskola eta institutu publikok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 28a
EAEko ikastetxe publikoen herenak baino ez du sukaldea ikastetxean bertan. Irudian, eskaera bateratuaren aurkezpena. Argazkia: EHIGE

Gaur egun, EAEko ikastetxe publikoen herenak baino ez du sukaldea ikastetxean bertan, eta errealitate hori aldatzeko lanean ari dira Gure platera, gure aukera plataformatik eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartetik. Kanpaina egin dute, ikastetxean sukaldea jartzera animatuz guraso elkarteak eta eskolak. Horretarako argudioak eman dituzte: elikagaien xahuketa nabarmen murrizten du (menuak egunean bertan birkalkulatu daitezkeelako, eskolara joan diren ikasleen arabera); menuak zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago egiten dira; elikagai fresko, sasoiko, lokal, jasangarri eta kalitatezkoekin egitea errazten du (ez baita gauza bera ehunka edo milaka menu sukalde industrial batean prestatu eta garraiatzea, edo eskolan bertan mahaikideei egokitutako menua prestatzea); sukaldaritza tresna pedagogikoa izan daiteke ikasleekin lantzeko; eta sukaldea duten ikastetxeetako familiek hobeto baloratzen dute menuen kalitatea.

Besteak beste, elikagaien xahuketa nabarmen murrizten du (menuak egunean bertan birkalkulatu daitezkeelako, eskolara joan diren ikasleen arabera)

Sukaldea eraikitzeko eskaera bateratua egin duten hamazazpi ikastetxeen zerrenda ere eman dute argitara: Orduña HLHI, Gorbeia HLHI, Zaragueta HLHI, Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI, Jose Etxegarai HLHI, Urretxindorra HLHI, Iturzaeta HLHI, Arrigorriaga HLHI, Muskiz ikastola, Serantes HLHI, Salburua HLHI, Larrea HLHI, Joxe Miel Barandiaran LHI, Altzo HLHI, Atxondo HLHI, Zabalarra HLHI eta Traña-Matiena HLHI.

Hain justu, sukalde industrialetan prestatutako menuak egiten dituzten catering enpresekin guraso elkarte ugari ez dago gustura, berriki kontatu dugunez: Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak inkesta egin du, 96 ikastetxetako guraso elkarteek erantzun dute eta jakien kalitate, kopuru eta barietate eskasa nabarmendu dut. “Kalitate eskaseko elikagaiak, arrain izoztuak, menu aldaketak (beti ere kostuak merkatzeko), fruta ez oso askotarikoak, kantitate urriak, eta abar”.