argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk
  • Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 15a
Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965. urtetik bereizten dituzten ikasleak.

Ikastetxe erlijiosoek geroz eta helduleku gutxiago dituzte ikasleak sexuaren arabera segregatzeko. Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965. urtetik bereizten dituzten ikasleak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak poliki-poliki ikastetxeekin dituen itunak eteteko prozesuak egin ditu. Kontra egin, eta Hezkuntza departamentuarekin mintzatu da guraso talde txiki bat. Asmoa da jakitea zein den ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen ikastetxe pribatu bat sortzeko bidea. Ez dago argi Iruñerriko zein lekutan egin nahi duten ikastetxea.

Aspalditik datorren eztabaida da, eta azkeneko hiru urteetan tentsio handia sortu du Nafarroako Gobernuaren eta ikastetxeen artean. 2021. urtean Lehen Hezkuntzako ituna eteteko prozesua abiatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. 2022. urtean, Batxilergoko ituna eta urte honen hasieran iragarri zuen irailetik aurrera DBHko ituna bertan behera utziko duela. Hala ere, irailetik aurrera ikastetxeak mistoak badira finantzatzen jarraituko du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, LOMLOE legearen arabera, sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeek ezin dute finantzaketa publikoa jaso.