Ikasturte honetan LOMCE ez aplikatzeak “sekulako iskanbila” sortuko lukeela, D eredua Nafarroa osoan bermatzen hasiak direla edota unibertsitatean euskara, frantses eta alemanezko eskaintza handitu nahi dutela ere adierazi du Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Pasarte nabarmenenak ekarri ditugu hona:
LOMCE. “LOMCE legea mugatzeko aukera guztiak ditugu, abenduko Espainiako hauteskundeetatik ateratzen denaren arabera”. Eta berriz ere PPren Gobernua ateratzen bada garaile? “Bada, Jainkoak salba gaitzala. Egia da horrela ere moduak daudela LOMCE mugatzeko, baina beti diogu bi berme behar ditugula edozein erabaki hartzeko: berme ekonomikoa eta berme juridikoa. Espainia mailan hainbat elkarte dagoeneko LOMCE saihesten ari dira, guk egosia jaso dugu, aitzineko Gobernuak Sanferminen aurretik DBH eta Batxilergoko curriculumen dekretuak onartu zituelako. Hori aldatzeak eta ikasturte hasieran noraezean ibiltzeak, dagoeneko testuliburuak erosiak daudenean, sekulako iskanbila sortuko luke eta beraz trantsizio moduan jarraituko dugu aurten. Lan galanta izango dugu datorren urtea prestatzeko, gure asmoa delako Espainiako lege hau bertan behera uztea, baina berria prestatzeko urteak beharko dira eta bitartean, trantsizio faseko urteetarako adostutako lege bat behar dugu. PSOEko hezkuntza ordezkariei eskatu nien datorren urteetarako adostutako lege bat bermatzeko”.
D eredua. “D eredua Nafarroa osoan eskaini dadila bermatzen hasiak gara dagoeneko. Abartzuzan adibidez D ereduko irakaskuntza abiatu da ikasturte honetan. Zudairen dagoen eskualdeko ikastetxean ere ziurrenik D eredua jarri ahalko da eta matrikuletan ikusiko ditugu eskaerak. Aurreko Legegintzaldian Euskararen Legea aldatzea onartu zen eta lau alderdiek zintzilik daukagun gaia da aldaketa hori adostea. Une hauetan, ez daukagu inongo arazorik Nafarroa osora D eredua zabaltzeko”.
Ikastolak. “Ikastetxe kontzertatuak osagarriak dira, gure apustua publikoa delako, eta irakaskuntza publikoarekin dugu guk konpromisoa. Euskararen Legea moldatuta, ikastetxe publikoetan D eredua Nafarroa osoan egotea da bermatu behar duguna. Kontzertatuekin hitzarmenak ditugu eta ikastolak ikastetxe kontzertatu diren heinean, hala jasoko dituzte diru-laguntzak”.
Kontzertatuetako irakasleei oposaketak. “Hezkuntza komunitate osoaren eskubideak bermatu behar ditugu eta ez dugu uste erabat demokratikoa denik irakaskuntza publikoan oposaketak egitea eta antzeko zerbait ez egitea funts publikoak jasotzen dituzten beste ikastetxeetako irakasleei; haiei ere oposaketa moduko batzuk planteatzea aztertzen ari gara Hezkuntza Departamentuan, funts publikoak jasotzen dituztenek erantzukizun publikoa ere badutelako”.
Lan publikoaren eskaintza. “Ia-ia 1.900 irakasle ditugu kontratatuak eta ia-ia 600 interino [behin-behineko]; plaza horiek ahalik eta hobekien bermatzen baditugu eta finko bihurtzen baditugu, kalitatean eragin zuzena izango du. Horrek ez du erran nahi behar adina plaza sortu ahalko ditugunik aurten. Sindikatuekin adostuko dugu ateratzea edo ez ateratzea, beste erkidegoetan egiten dutena ere kontuan hartuz. Deialdiak lau urteotan zehar sailkatuko ditugu, sindikatuekin adostuta”.
Ingelesa. “Ingelesa maila normalean menperatzea bermatu behar dugu, kontuan izanik gainera hemengo unibertsitatean hainbat alorretan kasik karrera erdia ingelesez ematen dela. Modu eraginkor batean frantsesa eta alemanera ere indartu nahi ditugu. Derrigorrezko Hezkuntzatik ikasle eleanitzak atera behar ditugu, edozein momentutan edozein lekuan lan egin ahal izango dutenak. Horrek eskatzen du irakasleak formatzea eta birziklatzea”.
NUP. “Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketak euskaraz egiteko aukera handiagoa izatea espero dut. Dagoeneko haiekin hitz egiten ari gara, ez horretarako bakarrik, baita ikasketak alemanez eta frantsesez emateko aukerak egon daitezen ere”.