Ikastetxe inguruak autorik gabeko espazio seguruak izan behar duten aldarrikapena ez da berria, ezta Bilboko Pagasarribide eskola publikoan ere. Arriskua dagoela-eta urteak daramatzate borrokan; aste honetan, auto batek ikasle bat eta haren ama harrapatu ditu ikastetxe atarian. Gurasoek mobilizazioak hasi dituzte.
Astelehen honetan 7 urteko ikaslea eta haren ama harrapatu zituen auto gidariak, Pagasarribide ikastetxe atarian, oinezkoen pasabidean, eskolara sartzeko orduan. Ospitalera eraman zituzten, baina ez da larria izan.
Batez ere eskolako sarrera-irteera orduetan inguru arriskutsua dela-eta, neurriak eskatzen urteak daramatza Pagasarribideko hezkuntza komunitateak: semaforo bat, mutiloiak, autobus geltokia lekuz aldatzea… baina Bilboko Udalaren erantzuna izan da polizia agente gehiago jarriko dituela bertan, segurtasuna bermatzeko.
Istripuaren ondoren, aldarrikapena berreskuratu eta astearte honetan bertan errepidea moztu dute familiek, "Eskolarako sarbide segurua orain!" lelopean. Hurrengo egunetan ere mobilizazioak iragarri dituzte, beste behin egoera salatu eta soluzioak eskatzeko.
Matxinada Eskoletan
Larraskitu eta Errekalde auzoen arteko ikastetxe hau ez da egoera horretan dagoen eskola bakarra. Bilbon bertan, Atxuri auzoko ikastetxe inguruan ere salatu izan dute apenas dagoela oinezkoentzako lekurik eta trafiko biziak egoera arriskutsuak sortzen dituela. Konponbiderik ezean, umeen sarrera-irteeretan zebrabidean jarri izan dira gurasoak.
Azken finean, eskola ingurua kontuan hartuko duen hirigintza da hezkuntza komunitatearen aldarrikapenetako bat. Adibiderako, Katalunian jaio eta Bilbora iritsi zen Matxinada Eskoletan mugimendua: eskola inguruak oinezkoentzako espazio seguru bihurtzea eskatzen dute, autorik, kutsadurarik eta zaratarik gabe.