Lezioa buruz ikastea, norbere eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea, beste norbaiti lezioa azaltzea… Ikasteko teknika ugari dago, baina DBHko ikasleek ez dituzte egokienak erabiltzen, ikerketa baten arabera, eta azterketa sistemak badu zerikusirik horretan. Ikasle gehienek diote, gainera, inork ez diela irakatsi nola ikasi behar duten.
Bitxia da, “ikasten ikastea” konpetentziaren garrantzia nabarmentzen da azken urteetan, baina ikasleen %78k dio inork ez diela inoiz ikasten irakatsi, zehazki, inoiz ez dietela azaldu zein teknika eta metodok funtzionatzen duten hobeto jakintzak behar bezala barneratzeko. Hala dio uda honetan kaleraturiko ikerketa batek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Kataluniako 27 ikastetxetako 3.414 ikasleren artean egina. Autodidakta hutsak izan ez daitezen, Lehen Hezkuntzatik pixkanaka ikasketa teknika eta ohitura egokiak erakusten hasi beharko lirateke, ikerketaren egileen arabera.
Azterketa gainditu vs. ikasgaia barneratu
Azterketarako gutxi falta denean, lezioa buruz ikastea, memorizazio hutsa. Horra gazteek gehien erabiltzen duten teknika, inori arrotza egingo ez zaiona. Metodo hau eraginkorra izan daiteke epe motzean, baina ikasketa efimeroa da, aurrera begira jakintza hori ez baita ongi barneratzen, azkar ahazten du buruak inongo zentzurik eman gabe hitzez hitz ikasitakoa. Kurioski, gazteek diote irakurtzen dutena ulertzea ere badutela helburu, baina memorizatu egiten dituzte ikasgaiak. Testu-liburuan azpimarratzea eta birritan irakurtzea ere teknika desegokitzat jotzen ditu ikerketak.
Zergatik erabiltzen dute nagusiki memorizatze teknika ikasleek, desegokia bada? Ikerlariek badute hipotesi bat, egungo ebaluazio sistemari lotua. Sarri, azterketa gainditzeko (are, nota ona ateratzeko) nahikoa da azken egunetan lezioa buruz ikastea, beraz horixe egiten dute ikasleek, beste teknika batzuek lan handiagoa eskatzen dutelakoan. Zenbateko garrantzia ematen diote (diogu) ikasgaia gainditzeari eta zenbatekoa benetan ikasi nahi izateari, jakintza barneratzeari?
Ikasketa teknika hobeak dira: laburpenak eta eskemak egitea, irakurritako lezioaren adibideak pentsatzea, aurretik dakigunarekin loturak egitea, beste norbaitek lezioaren gaineko galderak egitea, norbere buruari galderak prestatzea…
Bigarren horri garrantzia ematen badiogu, alegia ikasketa sakonagoa eta etorkizunean mantenduko dena bilatzen badugu, bestelako teknika batzuk zerrendatzen ditu ikerketak. Hasteko, dio, “praktika tartekatua” egokiagoa da, hots, azken uneko maratoia egin ordez, gai bera behin baino gehiagotan ikastea, denboran tartekatuta.
Ikasteko teknikei dagokionez, ikasten den hori ulertzea funtsezko abiapuntutzat hartuta, aipatzen ditu nork bere apunteak hartzea, laburpenak eta eskemak egitea (baina aurrean lezioa ez duzularik, eta gero ea ongi egin dituzun egiaztatzea), irakurritako lezioaren adibideak eta analogiak pentsatzea, aurretik dakigunarekin loturak egitea (memoriatik berreskuratuz dagoeneko ditugun jakintzak), irakurritakoa gure hitzetan geure buruari eta beste norbaiti azaltzea, beste norbaitek lezioaren gaineko galderak egitea edota norbere buruari galderak prestatzea txarteltxoetan, etorriko den azterketaren simulakroa egitea…
Finean, ikasten duzunari zentzua eta esanahia emateak ekartzen du hobeto barneratzea, gure memoria oinarritzen delako gauzen esanahian.
Azkenik, ikerketak dio lau ikasletik batek (%25,3) musika entzunez ikasten duela, eta lautik ia batek (%24,2) mugikorrari kasu egiteko eten ugari egiten dituela ikasi bitartean. Bi egoerek eragin txarra dute errendimendu akademikoan.