argia.eus
INPRIMATU
Ikastaro trinkoa Aroztekin
  • Ohartzen ez bagara ere, egunero dugu aukera zerbait ikasteko (edo desikasteko, akaso), leitu dugun zerbaitekin, ikusi dugun zerbaitekin, edo norbaitek erran digun zerbaitekin. Berdin du, afera da kasurik egiten diogun edo ez. Hamaika egunekoa izan da Aroztak ekimenak egin duen kanpaldia, eta hala, hamaika ikasgai izan ditu harat hurbildu edo hurbiletik bizi izan duen edozeinek. Obra txikitzailea gelditu da, baina ez hori bakarrik.

Elurre Iriarte BaƱez @bixigu2 2021eko maiatzaren 04a
Argazkia: Ekinklik. Argazkia: Ekinklik.

Makinak gelditzeaz gain harat hurbildu denak, harremanak sendotzeko bidea ikasiko zuen. Helburu bera izaten delarik, errazagoa dela elkarrekin haren alde egitea eta hala eginez, indartzen dela borroka. Adin, belaunaldi eta bizipen desberdinen artean posible dela elkarlana eta posible baino, interesantea, beharrezkoa, eraikitzailea. Lurra zaintzea elkar zaintzea dela gogoratuko zuen.

Ohartuko zen gatazka batean ez dagoela erdigune bakarra. Momentu batean erdigunea herri harresia izaten ahal dela, baina bertze batean batzarra, edo otordua ziurtatu beharra, edo sua ez itzaltzeaz arduratzea (metaforarik gabe edo metaforarekin, nahi duzuen bezala).

Konturatuko zen zapalketa bat ez dela bakarrik heldu, eta berarekin gurutzatzen diren gainerako zapalketak agerian gelditzen direlarik, erne egon behar dela: hizkuntzarena, sexismoa, adinkeria, paternalismoa...

Ikasiko zuen baietz, euskara hutsean funtzionatzea posiblea dela, errealitatea dela. Euskara erdigunean paratzea zer den, eta euskara bertze edozein hizkuntza bezain itzulgarria, azpititulagarria dela ikasiko zuen.

Jakinen zuen umorea zein inportantea den. Umorez gurearen alde egiten ahal dugula, eta inposizioaren kontra aritu. Umorez ere haserretzen ahal garela, zergatik ez? Baina ikasiko zuen (gaur gero ikasia ez bazuen) bakean ezin dela gatazka bati aurre egin. Edozein erresistentziak indar errepresiboa hortxe izanen duela gau eta egun, umore txarreko indar errepresiboa.

Eta ohartuko zen borrokak ez direla akitzen. Batailak irabazten direla, baina sistemak ongi lotuak dituela gezurrak, errepresio ekonomikoa eta bertze edozein erantzun.

Ikasketa prozesu guziak bezala hau ere ez da ematen duen bezain erraza izan, eta segur aski ikasteko hazia zementuan eroriko zen batzuetan, baina badakigu ongi ongarritutako lurretan eroriko zela ere bai, eta horrek esperantza baino, gogoa eta indarra pizten digula ikasten segitzeko. Ondoko ikastaro trinkoaren esperoan.