argia.eus
INPRIMATU
“Ikasleria guztia dute aurrean agintariek, gogoeta egin dezatela"
  • Grebaren "jarraipen izugarria" ikusita, helburuak bete direla dio Gaizka Azketa Ikasle Abertzaleak kolektiboko kideak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko martxoaren 27a
Bilboko manifestazioan 7.000 ikasle inguru zenbatu dituzte IAkoek. Irudian, zutabeetako bat (Argazkia: Ikasle Eztanda).

Bere hitzetan, ikasleen greba eta geldialdia ia erabatekoa izan da Hego Euskal Herriko eskualde eta ikastetxe guztietan, eta horrek zer pentsatua eman beharko lieke agintariei: "Ikusi behar dute ikasleria guztia dutela aurrean, hezkuntza propioa aldarrikatzen, behetik eraikiko den hezkuntza eredu baten alde, eta interes partidista eta ekonomikoen mesedetara antolatzen den hezkuntzaren kontra. Gogoeta egin dezatela".

Administrazioaren eskutik, onartu du, ez dute gehiegi espero, baina "nabaria da herriz herri kontzientzia zabaltzen eta garatzen ari dela, alternatiba errealak gauzatzen ari dira (Orioko curriculuma, Herri Unibertsitatea...) eta epe luzera hor dugu esperantza jarria, ekimen lokaletan".

Iruñean eta Bilbon atxilotutako ikasleak askatzea eskatu dute IAtik, eta gogoratu dute arratsaldean manifestazio gehiago deitu dituztela eragileek, Hego Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan. Donostiako unibertsitatean, gainera, gazteek gaua pasatzea dute helburu, Ibaetako campuseko fakultate batean itxialdia egin baitute, hainbat ekintza eta tailerren bidez hezkuntza alternatiboa irudikatzeko.

Datutan

Hona IAk greba orokorraz egin duen balorazioa:

Iruñea: Manifestazioan 4.500 lagun. Istiluak parlamentuaren aurrean eserita zeuden ikasleen aurka. Arratsaldeko manifestazioa debekatu den arren, deialdi berria egingo dela dirudi.

Nafarroan paroa ia totala.

Bilbo: Manifestazioan 7.000 ikasle inguru. “Manifestazio erdian Ertzaintza ikasleriaren aurka oldartu da, baina ikasleek tinko jarraitu dute manifestazioarekin aurrera, Arriagan bukatuz”. Arenalean gune askea ireki eta tailerrak antolatu dituzte.

Paroa ia totala Bizkaian. EHUko fakultate batzuetan ez da klase bakar bat ere eman.

Gasteiz: Manifestazioan 4.000 bat ikasle. Hezkuntza Delegaritzara sartu dira ikasleak, baina kanporatu egin dituzte. Hainbat ikasle identifikatu dituzte.

Paroa Araban ia totala, bereziki EHUn.

Donostia: Manifestazioan 1.000 pertsona inguru. Lau ikastetxe itxi dituzte eta beste batean ikasleen gehiengoa kalera atera da. Fakultate bat okupatu dute, hezkuntza alternatiboa eraikitzeko asmoz.

Gipuzkoan paroa ia totala.

Azpimarratu behar da, hiriburuez aparte eskualde eta herri ugaritan antolatu direla manifestazio, elkarretaratze eta ekintzak. 8 atxilotu inguru egon dira.