Unibertsitatean sartzeko proba egingo dute laster Euskal Herriko milaka ikaslek. Lehia sustatu eta memorizazioa lehenesten duen proba dela salatu du Ikama ikasle mugimenduak: “Espektatiba eta desira jakin batzuk sortzen ditu ikasleongan, etorkizuna gure esku dagoela sinetsaraziz”, baina “azterketa guztiz segregatzailea da, aukera berdintasunetik urrun, ez dituelako kontuan hartzen ikasle bakoitzaren gaitasun eta inguruabarrak”.
Ekaina bertan da, eta “beste behin, hiru egunetan ebaluatuko dute azken urteetan egindako lan guztia, ikasleon etorkizuna proba bakar batean jokatzera kondenatuz”, diote Ikamatik. Urduritasuna, ezinegona, presioa eta espektatiba faltsuak sortzen dituen prozesua dela nabarmendu dute, “espektatiba horiek lortu ez izatearen adura gure gain jarriz”.
Filtro desorekatua
“Ikasketa prozesua ikasleon inguruabar sozioekonomikoak baldintzatzen duen honetan, selektibitateak ikasle guztiok multzo berean sartzen gaitu, ikasleon gaitasun pertsonalak eta testuingurua alde batera utziz”, diote. Eta azterketa hauek markatzen dituen parametroetatik kanpo gelditzen diren ikasleen alternatiba unibertsitate pribatua dela gehitu dute: “Irtenbide hau onartu ezin dugunok prozesutik kanpo gelditzen gara”.
"Eduki guztia memorizatu, irentsi eta paper batean botatzera kondenatuta gaude; ikasle sumiso, obediente eta guztiz akritikoak bilatzen dituzte"
Zer ebaluatzen da?
“Eduki guztia memorizatu, irentsi eta paper batean botatzera kondenatuta gaude; ikasle sumiso, obediente eta guztiz akritikoak bilatzen dituzte. Eduki multzo hori, gainera, frantziar eta espainiar estatuetatik datorkigu”. Proba honek “etorkizunean lan-indar izango diren pertsonen ezaugarri espezifikoak zehazteko neurgailu gisa” jokatzen duela eta “sistemaren interesekoak diren ezaugarriak dituzten ikasleak” baino ez dituela barne hartzen iritzi diote, ikasleen artean indibidualismoa eta lehiakortasuna sustatuz: “Zenbaki huts bilakatzen gaituzte”.
Ipar Euskal Herrian oraindik ere ikasleak Baxoko azterketen zati bat frantsesez egitera behartuta daudela gogoratu du ikasle mugimenduak.
“Ikasle guztion ongizatea bermatu eta ikasle kritiko eta parte-hartzaileak heziko dituen hezkuntza askatzailea behar dugu. Gaur egungo hezkuntza sistemak eta bereziki selektibitateak sustatzen duten lehiakortasun eta indibidualismoaren aurrean jarrera desobedienterik handiena kolektibizazioa eta antolakuntza dira, beraz, azterketa arrotzen aurka egitera antolatu eta borrokatu”, aldarrikatu du Ikamak, bere idatzian.