Steilas sindikatuak argitaratutako iritzi artikuluan salatu duenez, "Hezkuntza Sailak ez du ekitatea lehentasunezko gaitzat hartu, eta profesionalak berak, inguruneko errealitatera egokituta, izan dira irteera eman diotenak, ahal izan duten neurrian, egoera horri".
"EAEko hezkuntza sisteman familien egoera sozio-ekonomikoaren araberako desberdintasunak Europa osoko altuenen artean daude" adierazi du Steilas hezkuntzako sindikatuak iritzi artikuluan (hemen osorik irakurgai). Koronabirusaren krisiaren aurretik dagoeneko familia askoren ahuldade sozio-ekonomikoa larria bazen, pandemiaren aurrean hartu diren erabakiek "desberdintasun hori areagotu" dutela salatu du.
Steilasek adierazi du benetako zifrak ezagutzen ez baditu ere, irakasle askoren kezka hauxe dela: "Gaur egun, ikasleen zati bat desagertuta dago, eta beste zati handi batek ez du baliabide nahikorik agintzen zaien eguneroko lana egiteko". Salatu duenez, "Hezkuntza Sailak gainezka egin du egoera horren aurrean, ez du ekitatea lehentasunezko gaitzat hartu, eta profesionalak berak, inguruneko errealitatera egokituta, izan dira irteera eman diotenak, ahal izan duten neurrian, egoera horri".
"Ikasleen ehuneko esanguratsu batek hezkuntza-sistematik kanpo jarraitzen du" adierazi du eta ohartarazi du egoera hori larriagoa dela premia bereziak dituzten ikasleen kasuan: "Haien arreta desagertu egin baita, baliabiderik gabe geratu baita eta erabat ikusezin bihurtu baita, normaltasun-irudia hautsi ez dadin".
Steilasek telematikoki eskaintzen den hezkuntzaz balorazio hau egin du: "Egoera honetan, baliabide telematikoek ikasle batzuek curriculumeko alderdi jakin batzuk lantzen jarraitu ahal izateko balio dute soilik, baina, nolanahi ere, oso urrun daude Hezkuntzatik. Horregatik, zentro asko, gehienak publikoak, biztanleria ahulenarekin egiten ari diren lana goraipatzekoa da".
Aurrez aurreko eskolan pentsatu behar dela gogorarazi du: "Bizitzen ari garen une berezi honek, gure hezkuntza-sistemaren josturak berrikusteko balio behar digu. Ez gaitezen erori aldi birtual hori soilik konponduko duten epe laburreko soluzioetan. Pentsa dezagun aurrez aurreko eskolan".