Ikasleen matrikulazio prozesuan aldaketak egin ditu Eusko Jaurlaritzak, “aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea” helburu. Baina 2 urteko haurren matrikulazioari baino ez diola eragiten, ikastetxea hautatzeko eragin-eremua handitzeak arazoak dakartzala eta matrikulazio bulego bakarra ez dela ezarri kritikatu dute eragileek, besteak beste.
2 urteko haurren matrikulazioari eragingo diote aldaketek –dagoeneko eskolatuta dauden ikasleei ez–, baita behin ikasturtea hasita dagoela epez kanpo matrikulatzen direnei ere: ikasle zaurgarrientzat plaza kopuru bat gorde behar dute ikastetxe guztiek. Hurrengo urteetan, mailaz maila modu progresiboan gainerako adinetara zabalduko lirateke aldaketak. 2 urteko haurrei baino ez eragitea kritikatu dute LAB eta STEILAS sindikatuek. “16 urte pasa beharko dira etapa eta maila guztietan eragina izan dezan. Uste dugu plazen erreserba irakaskuntzako etapa desberdinen hasieran ere egin beharko litzatekeela, ez baita ziurra 2 urteko mailan matrikulatzen den ikasle batek ibilbide osoa ikastetxe berean egiten duenik, are gehiago derrigorrezko eskolaratzea 6 urte arte ez denean, eta beraz, hurrengo ikasmailetan sortzen diren desorekei aurre egiteko ez da neurririk proposatzen”, dio LABek.
"Plazen erreserba irakaskuntzako etapa desberdinen hasieran ere egin beharko litzateke"
Baremazioan (ikastetxea aukeratzeko puntuaketan), aldaketa dakar prozesu berriak: hautaturiko ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea denean, 7 puntu izango ditu, eta eragin-eremuko beste ikastetxeren bat aukeratuz gero, 5 puntu. Orain arte, bizilekua eragin-eremuan egoteak 6 puntu ematen zituen. LAB sindikatuarentzat, hurbilekoa indartzeko ematen den puntu gehigarria ez da nahikoa, eta gainera, kooperatibako kideei ematen zaizkien puntuak kentzeko eskatu du.
STEILASek begi onez ikusten du ikastetxearen gertutasuna gehiago puntuatzea, baina gogoratu du ez dagoela inon jasota gertutasun horren gainetik beti D ereduko eskola publiko bat eskaini behar zaiola eskatzen duen orori. Izan ere, bada kasurik, hurbil duten ikastetxea aukeratzerakoan D eredukorik aurkitu ez duten familienak. Familia guztien eragin-eremuan bermatu beharko litzateke ez bakarrik D ereduko eskaintza publiko nahikoa, baita laikoa den eskaintza ere, gehitu du LABek.
Bai aipaturiko sindikatuek, bai Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak ohartarazi dute Jaurlaritzak egindako aldaketen artean eragin-eremuak berrantolatu dituztela, hartzen duten zonaldea handiagoa dela orain: “Ikastetxeen arteko lehia sustatzen du eta ikastetxe ahulenak arriskuan ipintzen ditu, horietako gehienak publikoak”, dio plataformak. Eragin-eremua handitzeak, gainera, ekar dezake ikasle zaurgarri batzuk beste auzo edo are, beste herri batera desplazatu behar izatea, diote eragileek, edo hainbat herri txikitan zuzenean eskaintza publikorik ez egotea, inguruko herriren batera desplazatuko direlako haurrak, gehitu du plataformak.
"Ez dago inon jasota ikastetxearen gertutasunaren gainetik beti D ereduko eskola publiko bat eskaini behar zaiola eskatzen duen orori"
Beste kritika batzuk ere egin dizkiote matrikulazio prozesuari. Hala nola, ez dela jaso aspaldiko aldarrikapen bat, herriz herri eta tokian toki, matrikulazio bulego bakarra ezartzea, “kontrol neurri egokiak ezarriz”; ikasle zaurgarria definituko dituen aldagaiak oraindik ez dakizkigula; eta plaza itunduen gaineskaintza dagoela dio Euskal Eskola Publikoaz Harrok, “eta horrek zuzenean kaltetu eta murriztuko du sare publikoa, plaza publiko berriak sortu beharrean itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako”.
Dena den, matrikulazio prozesuan egindako aldaketak gorabehera, muina beste bat dela nabarmendu dute STEILAS eta Euskal Eskola Publikoaz Harrok, eta “egungo eredu duala” (publikoa/itunpekoa) mantentzen den bitartean, ez zaiola segregazioari behar bezala aurre egingo. “Ituntze unibertsalarekin amaitu eta publifikazio bide erreal bat irekitzea” eskatu du sindikatuak, eta plataformak gaineratu du bidea ez dela “mota bateko edo besteko ikasleak banatzea”, “eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea” baizik.