2 urteko haurren matrikulazioari eragingo diote aldaketek, “aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea” helburu, eta dagoeneko eskolatuta dauden ikasleei ez die eragingo. Behin ikasturtea hasita matrikulatzen diren adin guztietako ikasleen prozesuari ere aplikatuko zaizkio aldaketak.
Ikaslea 2 urteko geletara sartzen denetik hasi eta “mailaz maila modu progresiboan hezkuntza sistema osoan zehar hedatuko den prozesua” izatea da asmoa, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, baina “ez da inolaz ere planteatuko ikastetxe batean eskolatuta dauden ikasleak beste batera mugitzerik”.
2 urteko haurren matrikulazio prozesuan, honakoak dira aldaketa nagusiak, 2023-2024 ikasturterako. Ikastetxe guztiek plaza kopuru bat gorde beharko dute ikasle zaurgarriak eskolatzeko, Hezkuntza Sailak zehaztuko duena (erreserben ehuneko berdina izango da eragin-eremu bereko ikastetxe guztientzat). Zaurgarritasun Indizea ere martxan jarri dute: familia guztiek haien egoera sozio-ekonomikoari buruzko inkesta bete beharko dute (galderak zein diren ez da zehaztu, baina familiari ez zaio errentari buruz galdetuko) eta bildutako informazioarekin definituko da Zaurgarritasun Indizea, alegia zein ikasle hartuko den zaurgarritzat eta zein ez.
Baremazioan, aldaketa dago hurbiltasuna hobesteko: aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea denean 7 puntu izango ditu eta eragin-eremuko beste ikastetxeren bat aukeratuz gero 5 puntu lortuko ditu. Orain arte, bizilekua eragin-eremuan egoteak 6 puntu ematen zituen.
Dena den, familiek ikastetxea hautatzeko ez dute mugarik izango: administrazioa “saiatuko da ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen, eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil egongo litzatekeena”.
Hasieran aipatu moduan, matrikulazio prozesuko irizpide horiek berak jarraituko dira baita ere behin ikasturtea hasita dagoela eskolatu nahi duten ikasleen kasuan, maila edozein dela ere.
Aldaketekin kritiko
Segregazioaren arazoari aurre egiteko helburuz egin dira aldaketak matrikulazio prozesuan, baina mesfidantzaz begiratzen diote eragile batzuek. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformatik hala adierazi ziguten: “Matrikula berrietan, Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleei eragiten die, eta adin horietan zaurgarri gisa izendatzeko ezaugarri batzuk identifikatu daitezke (familiaren indize sozioekonomiko eta kulturala, adibidez), beste batzuk ez. Epez kanpo matrikulatzen diren ikasleei ere eragiten die, baina gaur egun ere, administrazioaren batzorde batek erabakitzen du ikasturtean zehar iritsitako ikasle horiek zein ikastetxetan matrikulatu, ustez modu orekatzailean”.