Ostegun goizean bi polizia operazio izan dira Hego Euskal Herrian. Batetik, hainbat ikasle atxilotu dituzte Iruñean, martxoaren 27ko grebarekin lotuta. Bestetik, Bilbon hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, dirudienez, Troikaren Aurka Martxoaren 3an izandako istiluetan parte hartu izana akusatuta.
Iruñean sei atxilotu
Ahotsa.info atarian irakur daitekeenez, sei lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak. LOMCEren aurkako protestetan izandako istiluekin lotu ditu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak. Atxilotuetariko hiru adin txikikoak dira. Denei desordena publikoak leporatzen dizkiete. Espainiako Poliziak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egiteko aukera.
18:00etarako kontzentrazioa deitu dute Iruñeko komisaldegi aurrean, atxilotuen askatasuna eskatzeko.
Bilbon hiru atxilotu
Uriola.info gunean informatu dute atxilotutako hiru gazteak, Otxarkoaga, Deustu eta Santutxukoak direla. 19:00etan manifestazioa egingo dute hauen askatasuna eskatzeko.