argia.eus
INPRIMATU
Ikasleen eskubide, baldintza eta beharren gogoeta prozesua, abian
  • “Ikasleok ahalduntzeko tresna sortzea beharrezkoa ikusi dugu, egunerokoan ukatzen zaigun erabakitzeko eskubideari aurre egiteko”, diote ikasle mugimenduek, eta horretarako prozesu parte-hartzailea abiatu dute Hego Euskal Herriko unibertsitateetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko azaroaren 04a
Iazko manifestazio bat, Iruñean (Ahotsa.info).

Ikasleen artean galdeketa egingo dute azaroan, ahalik eta parte-hartze handiena bilatuz: egungo ikas-baldintzen, beharren eta dituzten eskubideen zerrenda osatzea da asmoa, denen artean minimo batzuk adosteko.

Curriculuma, pedagogia, euskaraz ikasteko eskubidea, parte-hartzea, ikas-baldintza duinen premia, hezkidetza… izango dituzte gogoetagai, tokian tokiko berezitasunak eta errealitatea kontuan hartuta. Emaitzekin, ikasleen aldarrikapenez osatutako adierazpen bateratua plazaratuko dute otsailean.

“Inoiz baino gehiago, ikasleon batasuna beharrezkoa dugu. Denon ekarpena beharrezkoa da, ikasleria antolatu eta kontziente bat baita gure eskubideak bermatuak izateko bermerik onena”. Prozesua martxan da Bilbon, Leioan, Iruñean, Gasteizen eta Donostian. Ikasle Abertzaleak, ikasle asanbladak, unibertsitateotako proiektu komunikatiboak eta beste hainbat ikasle mugimendu eta talde ari dira parte hartzen.