argia.eus
INPRIMATU
Ikasleen egunarekin abiatu da 53. Durangoko Azoka
  • 10:30ean zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak eta igandera arte Euskal Herriko ekoizpen kulturalaren erakusleiho izango da. Ikasleen eguna da lehenbiziko hau eta nabari da Landako eraikinean, bisitari gaztez beterik baitago.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 05
Goizetik bete da gaztez Durangoko Azoka.

Eguneko jarduerak ere publiko gazte horrentzat egokitu dira. Adibidez, Areto Nagusian 10:30etik 13:00era arte “Liburu bat egingo dut” izeneko tailerra emango du Maite Mutuberria ilustratzaileak. Ordu berean hasita eta 14:00ak arte, “Poropoesia” saioa eskainiko dute Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak Saguganbaran eta Ahotsenean, Telmo Trenorren eskutik, musika elektronikoaren ekoizpenari buruzko tailerra izango da 12:00etan.

Azken urteetan ohikoa den moduan, jardueraz lepo dago Durangoko Azokaren programazioa, Landakon bertan eta inguruko guneetan hainbat liburu-aurkezpen, kontzertu, antzezlan eta ikus-entzunezko emanaldi izango baitira.

 

 

Egunotan Durangoko erdigunean aparkatzeko problema ugari izango denez, antolatzaileek eskatu dute autoak Iurretako autopista-irteerako aparkalekuan uzteko. Egun osoan doako autobus-zerbitzua dago Landako guneraino aparkaleku horretatik, 10:30etik 20:00ak arte.

ARGIA Artekale 23-25 zenbakietan

ARGIA ere Durangoko Azokan izango da, Artekale kaleko 23 eta 25 zenbakien artean. Bertan, ARGIAko kide egiteko aukeraz gain, proiektu komunikatibo hau indartzen laguntzen duten hainbat produktu erosteko aukera izango da: 2019ko egutegia, Landareak Lantzen agenda, Bilboko Mbolo Moye Doolerekin batera kaleratu ditugun “Inor ez da ilegala” kamisetak eta poltsak.

Azokaren edizio berezia izango da hau ARGIArentzat, hedabide honek 2019an 100 urte beteko baititu. Datorren urterako ARGIAk prestatu dituen ekintzen berri emateko gogoz dago lan taldea, baita gure lana posible egiten duen komunitatearekin aurrez aurreko harremanetan sakontzeko ere.