argia.eus
INPRIMATU
“Ikasleen %98ak irakurketa gaitasun oso urria du”
  • Irakurtzen ikasteko gaur egun erabiltzen den metodologia ez dela zuzena, ikasleen gehiengo zabalak ez duela ongi irakurtzen eta horrek bai ikasketetan bai bizitzan oro har eragin handia duela kontatu digu Gorka Aurre Prakagorri elkarteko zuzendariak. Berrikasteko premia jarri du mahai gainean: “Irakurketarako erreminta errotik aldatu behar da”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urtarrilaren 11

“Irakurtzen ikasteko erabiltzen den metodologia silabikoak morrontza ikaragarria sortzen du, irakurri beharreko hori dekodifikatzen jartzen du arreta ikasleak, hitzak dekodifikatzen, eta ez du edukian behar bezala erreparatzen”. Ikasleez zentzu oso zabalean ari da Aurre, haur, nerabe, gazte nahiz heldu, guztiei ikusten dielako irakurketan gaitasun urria. “Ulermen maila ez da %50era iristen”, dio.

Gutxi irakurtzen dela, irakurtzen den hori gaizki irakurtzen dela eta lexikoan ere maila eskasa dugula kritikatu du adituak. Hezkuntza sistema eta formazio akademikoa irakurketan oinarritzen dela aintzat hartuta, irudika dezakegu irakurmena behar bezala ez dominatzeak zein kalte eragin ditzakeen.

“Hezkuntza planak ez daude bideratuta irakurketa hobetzera eta ikastetxeak eroso daude euren dinamiketan. 8-12 urte artean azterketa eta neurketa asko egiten da arlo honetan, baina txarto egindako neurketak dira. Adin gakoa da, bizioak kentzeko eta ongi irakurtzen ikasteko, bestela silabekiko menpekotasuna eta adikzioa barneratzen dugu”.

Nola irakatsi irakurtzen?

“Silabaz silaba irakurri ordez, informazioa batera ikusita ulertzea da gakoa, esamoldea osorik; bi-hiru hitz batera ikusi eta guztiaren zentzua hartzen irakasten dugu guk”. Horretarako ariketa ugari landu ohi dituzte, gaineratu duenez.