Eskola publikoak laikoa izan behar duela aldarrikatzen urteak daramatzate hainbat hezkuntza eragile, baina ikastetxeak oraindik derrigortuta daude Erlijioa ikasgaia eskaintzera. Ordea, berau aukeratzen duten ikasleak gero eta gutxiago dira eta 10 ikastetxe publikotik 3tan dagoeneko ez da Erlijio ikasgairik ematen, ez dagoelako eskaririk. Itunpeko ikastoletan are nabariagoa da interes falta: 10 zentrotik 9tan ez da Erlijioa ematen.
El Correo egunkariak argitaratu ditu datuak. EAEko eskola publikoetan Lehen eta Bigarren Hezkuntzan dauden 106.000 ikasleetatik 19.703 daude Erlijioa ikasgaian matrikulatuta (%18a). Gainerakoak hautazko beste ikasgaian ari dira: herritartasunerako eta gizarterako baloreak (Lehen Hezkuntzan) eta etika (Bigarren Hezkuntzan). Aspalditik datorren joera da: azken hamar urteotan, %25 gutxiago dira Erlijioa hautatu dutenak (7.000 ikasle gutxiago).
Erlijioa eremu pribatuan jorratu beharreko gaia dela dio hezitzaile, guraso eta sindikatu ugarik, eta gainera arrazoi erlijiosoengatiko eskola-segregazioa saihestuko duela ikasgaia hezkuntzatik ateratzeak. Beste muturrean, erlijio katolikoa ikastea “ikasleen formakuntza integralerako” funtsezkoa dela iritzi dio Erelgune foroak, eta azaroaren 12an Eusko Legebiltzarrean izango dira, ikastetxe publikoetan erlijio katolikoa emateko ikusten dituzten zailtasunak azaldu asmoz.