argia.eus
INPRIMATU
Ikasleek entzunarazi dute Seaskaren kexua
  • Orotara 7.000 lagun bildu dira Baionan, Seaskaren alde. Hauetan, 3.000 ikaslez gora, manifestazioaren buruan, danborrada burutuz. Heldu den urterako Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari bideratu nahi ez dituen 25 irakasle postuak lortzeko lehen mobilizazioa izan dute hau.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2018ko maiatzaren 07a

Ikasleek dute hezkuntza eskuratzen, eta ikasle horiek berek dute pairatzen hezkuntza txarra. Hori horrela, ikastoletan dabiltzan ikasleak atera dira karrikara, behar dituzten irakasle postuak aldarrikatzera.

Ipar Euskal Herrian barna diren ikastoletako 3.000 umez gora batu dira Baionako karriketan. Etxean eraikiriko danborra esku artean, klasean edota etxean behin eta berriz errepikatuz ikasiriko kantua abestuz, guraso zein irakasleak lagun, haurrak izan dira manifestazioaren buru. Kantuz eta dantzan, deusetaz beldur, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko baliatu dute unea lizeokoek; gisa berean, kolegioetakoek, brebetarentzat. Ondotik dituzte helduak, sostenguz mobilizazioari juntaturik, aspaldian egin izan ez duten manifestazio zaratatsu baten parte. Orotara, 7.000 lagun elkartu dira Seaskaren aldarrikapena entzunarazteko. Danborradaren doinuari hitzak gehitu dituzte: "Deiadar bat bada Baionan, kasu kasu ikastola kexu; entzun gaitzakezu, hemen gira kexu, irakasle eskasa Seaskan!".

 

 

 

Mobilizaturik segitzeko prest

Postura eta determinazio argia du Seaskak: "Jakin dezatela 40 ala 50 ikasleko gelak ez ditugula onartuko". Manifestazio bukaeran, Mirentxu Ibargarai irakasleak Frantziako Hezkuntza Ministerioari luzatu abisua argia izan da. Heldu den urtean 240 ikasle berri gehiago ukanen dituztela, 25 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak. Hezkuntza Ministerioaren ordezkari den  Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako ikuskariak jakinarazi duenez, ez die bat ere ez bideratuko. Joera hori salatzeko antolatu du danborrada. Aldarria entzunarazteko, mobilizazioa zaratatsua izatea nahi zuten. Horrelakoa izan da. Seaskaren beharrei elkor segituz gero, mobilizazioekin segituko dutela abisatu dute Ibargarai zein Paxkal Indo Seaskako presidenteak: "gure hezkuntza sistema defendituko dugu".

Goizean Kanbon, bake prozesuaren aldeko konferentzian egondako Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere egon da oholtza gainean: "Etorkizunari begira aritu gara han. Zuek zarete etorkizuna. Baina guri dagokigu zuen oraina segurtatzea".

Umeak zorionduz eta irakasle, guraso zein ikastoletako langileak eskertuz, bukatu dute mobilizazioa. Guztiak pozik, une azkar bat bizitu izanaz jabeturik eta dirudienez, mobilizaturik segitzeko indar gehiagorekin.