argia.eus
INPRIMATU
Ikasleek Bartzelonako Unibertsitatea okupatu dute, errektoreak euren proposamenei erantzun arte
  • Hainbat ikaslek Bartzelonako Unibertsitateko errektoretza okupatu dute eta adierazi dute ez direla handik mugituko, errektoreak euren proposamenei erantzun arte. Unibertsitate publikoa “muturreko egoeran” dagoela eta aldarrikatu dute matrikulen prezioak bidezkoagoak izatea, katalanaren erabilera areagotzea, praktikak ordaintzea eta protokolo feministak martxan jartzea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko apirilaren 20a
@Chichiflesky

Astearte honetan okupatu dute errektoretza Bartzelonan, eta Gironako Unibertsitatean ere berdin jokatu dute ikasle mugimenduek, “hezkuntzak bizi duen krisiak” bultzatuta. Tartean da Katalan Herrietako Ikasleen Sindikatua (SEPC).

Hezkuntza Krisiaren Kontrako Konpromisoa idatzi dute ikasleek. Bost puntu ditu idatziak: bai graduen arteko bai gradu eta masterren arteko prezioen parekatzea –ikasle guztiek ikasketa publiko duinerako aukera izatea dute helburu–; ikasleei praktikak ordaintzea derrigorrezko baldintza izatea; “larrialdi linguistikoaren” aurkako plana gauzatzea, ikasgeletan katalanaren erabilera bultzatuz; protokolo feminista eraginkorrak bultzatzea, besteak beste irakasleen plangintzak berrikusiz; eta unibertsitate publikoa defendatzeagatik kausaren bat irekia duten guztiak absolbitzea.

Joan den astean 80 bat aktibistak Bartzelonako campus inguruko errepidea moztu zuten, aldarrikapenei oihartzuna eman asmoz. Oraingoan errektoretzaren erantzuna nahi dute.

@SEPC_nacional