argia.eus
INPRIMATU
Ikasleek asanbladak eta mobilizazioak antolatu dituzte mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakaslearen aurka
  • Gasteizko campuseko Farmazia Fakultateko ikasleek "faxismoaren aurka antolatzearen beharra" azpimarratu dute, eta EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijitu diote.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 11
Farmazia Fakultateko ikasleen asanblada irekia HaraBa

"Mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak" zabaltzeagatik ikertutako EHUko Farmazia Fakultateko irakaslearen harira, Arabako campuseko ikasleek asanblada irekiak egin dituzte astelehenean: 13:00ean eta 18:00etan, hurrenez hurren. Horrez gain, mobilizazio bat egingo dute asteartean fakultatean bertan, 14:00etan.

Ikasturte hasieran gertatu zen Leioako campuseko irakaslearen kaleratzea hizpide izanik, ikasleek diote honakoa ez dela "kasu isolatu bat", baizik eta "gizartean gertatzen ari den tendentziaren erakusle" den kasu bat. Gainera, mobilizazioan EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijituko diote, eta unibertsitatean "faxismoak" lekurik ez duela eta antolakuntzaren bidez aurre egingo diotela gogoraraziko dute. Martxoaren 13an Ikasle Abertzaleak antolakundeak "gorakada erreakzionarioaren aurrean" deitu duen ikasle greban kalera ateratzeko deia ere egin dute asanbladan.

Ikamak eta EHUko Ikasle Kontseiluak aurreko astean irakaslearen jarrera salatu ondoren, EHUk Farmazia Fakultateko irakasleak sare sozialetan argitaratutako mezuen inguruko ikerketa bat abiaraztea erabaki zuen. Astelehenean jakin zenez, ordea, bere mezuak argitaratu eta hurrengo egunean Ertzaintzaren aurrean salaketa bat jarri zuen irakasleak, "identitatea ordezkatu" ziotela leporatuta.