argia.eus
INPRIMATU
Ikasleei hitza emango dien mahaia eratzeko eskatu diote EHUri eta Desobedientzia Astea iragarri dute
  • Unibertsitate Erreforma aurrera ateratzeko estrategiaren barruan kokatzen dute Ikasle Abertzaleek azaroaren 27an onartuko den EHUren berrantolatze organizatiboaren lehen fasea, "aldaketa sakonagoei bide emateko lehenengo keinua". Erreforma "Boloniaren jarraipena" dela eta "hezkuntzaren merkantilizazioa" dakarrela iritzita, manifestazioa deitu dute egun horretarako, Leioako Campusean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko azaroaren 04a

Azaroaren 24tik 28rako astea Desobedientzia Astea izango dela ere azpimarratu dute, LOMCE, unibertsitate erreforma eta Heziberri aplikatu ez daitezen eta "herritik eta herriarentzat" izango den hezkuntza aldarrikatzeko. Kalean eta heziguneetan eragiten jarraitzeko beharra ikusten du IAk, uste dutelako pasa den martxoan Hego Euskal Herrian 20.000 ikasle baino gehiago kalera irtetetea lortu zuten arren ikasleen eskariei ez zaiela kasurik egiten eta ikasle mugimenduak "kriminalizatu" egiten dituztela.

Trantsizio mahaia eskakizun

"Pairatzen dugun egoera larriaren aurrean –adierazi dute–, ikasleok beharrezkoa dugun hitza emango digun trantsizio mahai bat eratzea exijitzen diogu EHUko errektoretzari, ikasleriak horrenbeste aldiz eginiko eskaerei erantzuteko: EU2015 estrategia ez aplikatu, ikas eta hizkuntza eskubide duinak lortu, eta herritik eta herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza egituratzeko".