Azken asteetan Leioako campuseko ikasleek egin dituzten protestak direla eta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen prezioa jaistea aztertuko du. Bilboko metroaren antzeko ‘gazte txartela’ ezarri lezakete, El Correok argitaratu duenez.
Bidaia merkatzeko aukera badago ere, Foru Aldundiak adierazi du ezin dutela askorik egin, oraingo prezioa kostuaren %20 baita. Halaber, ukatu du autobusek baimendutako bidaiari kopurua gainditzen dutenik.
Atzo ikasleak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean kontzentratu ziren, ordezkariren batekin hitz egin nahian. Lehengo astean, berriz, Leioako campusean egin zuten protesta, busa ez ordaintzeko ekimenaren bitartez.
Hiru eskakizun egin dizkiote ikasleek Aldundiari: prezioak beheratzea, autobusen maiztasuna igotzea eta bus aldaketak ordaindu behar ez izatea.