Hamabi dira pertsonak sexuaren arabera banatzen dituzten irakaskuntza-guneak Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzen dute, aurten ere 26 milioi euroko diru laguntzak hitzartu dituzte.
Berriako Irati Urdelleta kazetariak idatzitako erreportajean jaso duenez, badaude oraindik neska eta mutilak gela banatan, generoz bereiztuta, klaseak ematen dituzten ikastetxeak. Hamabi dira guztira Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesak jasotzen dituzte eta aurtengo ikasturterako 26 milioi euroko diru laguntzak eskuratuko dituzte.
Ikastetxeetako lau Nafarroan daude: Miravalles-El Redin Iruñean, Zizur Txikian, Irabia-Izaga Iruñean eta Cordovillan. Beste lau Bizkaian: Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun eta Gaztelueta Leioan. Bi Gipuzkoan: Eskibel Donostian eta Erain Irunen. Bi Zuberoan: Saint Michel Garikoitz Etxarrin eta Cours l'Immaculee Conception Domintxaine-Berroetan.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak jasotzen dituzten ikastetxe horiek diru laguntza gehiago ez jasotzea ekarri beharko luke Espainiako Gobernuak onartu duen LOMLOE legeak.