argia.eus
INPRIMATU
Greba deitu du Espainiako Estatuko Ikasle Sindikatuak ostegunerako, Iruñeko talde bortxaketaren epaia arbuiatzeko
  • Duela bi aste jakin zen Nafarroako Auzitegiak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri ziela bost akusatuei sexu abusua egotzia, eta ez bortxaketaz. Zeresan handia sortu zuen epaiak eta berehala bete ziren kaleak epailearen interpretazioa gaitzestera. Maiatzaren 10ean Espainiako Estatuko ikasleek bat egingo dute aldarrikapen horiekin eta greba iragarri du Ikasle Sindikatuak erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazteko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 08a

Unibertsitateko eta institutuetako ikasleak daude deituta greba egitera. Klaseak bertan behera utzi dituzte hainbat ikastetxetan eta mobilizazioak iragarri dituzte hirietan nahiz herrietan goizeko 12:00etan. Sententziaren aurka egiteko aterako direla kalera zehaztu dute sindikatutik eta emakumeari “babes osoa“ adierazteko. Bide batez, alderdi popularraren ustelkeria salatzeko ere erabiliko dituzte protestak.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan 12:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak. Bilbon Arriagan elkartuko dira, Donostian Bulevardean, Gasteizen Andramari Zuriaren plazan eta Iruñean Udaletxeko plazan.