argia.eus
INPRIMATU
Ikasle ratioak murriztu eta egiturazko lanpostuak gehitzea adostu dute Jaurlaritzak eta sindikatuek
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioak jasotzen duenez, gehienezko ratioak jaitsi egingo dituzte hezkuntzako zenbait etapatan. Horrez gain, plazak egonkortzea, ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea, eta premia bereziei loturiko baliabideak handitzea ere adostu dute, besteak beste.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 26a
Hezkuntza lanpostuak egonkortzea eskatzeko sindikatuen elkarretaratze bat (argazkia: Steilas)

Eusko Jaurlaritzako eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek akordioa egin dute ostegunean (pdf) irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian, ikasleen ratioak murriztu eta, besteak beste, gaur egun egiturazko bezala hartzen ez diren hezkuntzako lanpostuak finkatu eta hala jotzeko hemendik aurrera.

Hezkuntza Sailak zabaldu duen oharrean irakurri daitekeenez, akordioak "euskal hezkuntza sare publikoaren antolakuntza modernizatzeko eta ardatz estrategikoak indartzeko" balio lezake. Hainbat hilabetez aritu dira elkarrizketan negoziazio-mahaian eta 18 ordezkari sindikalen oniritzia du adostutakoak, hau da, %80rena.

Akordioak jasotzen duenez, ikasgelak osatzeko gehienezko ratioak murriztuko dira hezkuntzako hainbat etapatan, adibidez, haur hezkuntzako bigarren zikloan 23 ikasletik 20ra igaroko dira, eta lehen hezkuntzan 25etik 23ra. Gainera, beste hainbat puntu ere biltzen ditu dokumentuak: administrari eta teknologia berriei loturiko langileak ikasleen lan-poltsatik kanpo hornitzea; premia zehatzetarako lanpostu egonkorrak sortzea; Bigarren Hezkuntzan tutoretza bikoitza ematea 20 ikasletik gorako ikasgeletan; funtzionalak ziren plazak egiturazko bihurtzea; ingelesa 3 urtetik aurrera ematea eta horretarako irakasle lanpostuak sortzea....

Steilas: "Murrizketak lausotzeko sinatu dugu"

Steilasek akordioaren inguruko irakurketa gazi-gozoa egin du, esanez "baliabide murrizketa lausotzeko asmoz" sinatu dutela eta akordioa "partziala" dela. Sindikatuak azaldu duenez ez dio Hezkuntza Sailari "txeke zuri bat" emango eta ikastetxe publikoen aldeko borrokan jarraituko du.