argia.eus
INPRIMATU
Ikasle presoak klasean egon daitezen eskatzeko, kartzela-martxa egingo dute Osnyra
  • Ikasle presoei “elkartasuna adierazi eta jasaten ari diren jazarpena” salatzeko, apirilaren 5erako eta 6rako antolatu du Prest!-ek (Ikasle mugimenduko presoen sostengurako taldeak) martxa Osnyko —Paris ingurua— kartzelara.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 29a
Martxara deitzeko egindako prentsaurrekoa.

Ikasle presoen gaia lantzen duten Ikasle Mugimenduko kideen taldeak orain dela hilabete batzuk hasi ziren biltzen, “problematika hau lantzeko zeuden gabeziez jakitun”. Zabaldu duten oharrean salatu dute ikasle presoen egoerak “negargarria” izaten jarraitzen duela.

Azaldu dute bakarrik Frantziako Estatuan dauden preso politikoek ikasi dezaketela EHUn, gradu zehatz batzuk. Espainiako Estatuan preso daudenek ezin dute unibertsitate horretan ikasi. Ikas-baldintzak ere salatu dituzte: “azterketak egiteko zailtasunak, apunteak eskuratzeko ezintasuna, ikasketa tasa osorik ordaindu beharraren kostu ekonomikoa, EHU eta beste instituzioen pasibotasuna, tutoretzak edukitzeko ezintasuna…”

Adibide bezala Osnyn bertan preso daudenen David Plaren eta Julen Mendizabalen kasua jarri dute. Nahiz eta jada arazoa konponduta dagoen, duela aste gutxi ikasteko beharrezkoa duten materiala blokeatu zieten.

Ikasleei “erantzuna emateko” deia zabaldu diete. Apirilaren 5ean hainbat autobus aterako dira Osnyruntz, eta 6an hango presoei —Pla, Mendizabal eta Joseba Fernandez— zein beste ikasle presoei elkartasuna adierazi eta beren askatasuna galdegingo dute.