argia.eus
INPRIMATU
Ikasle Mugimenduak areto bat okupatu du Leioako Campusean
  • Leioako Ikasle Mugimenduak jakinarazi duenez, astelehen goizean “Leioako campuseko liburutegi atzean kokatuta dagoen eraikin bateko espazio huts bat okupatzea erabaki dute, ikasleen beharrei erantzuteko asmoz”.

2018ko apirilaren 09a
Ikasleek Leioako Campusean okupatutako aretoa.

Lehenago Campus bereko Gurutze Gorriko eraikina zuten okupatua, baina abenduan eraitsi egin zuen Ertzaintzak. Gaurko okupazioaren ondoren, Leioako ikasleei lokalaren defentsara batzeko dei egin diete, “lokala ikasleona eta ikasleontzat izan dadin”.

Mugimenduak jakinarazi duenez, “Unibertsitatearen aldetik bizi duten erasoen” testuinguruan dago ekintza hau: “Medikuntzako Asanblada kontseilutik botatzeko saiakera ugariak, Lan harremanetako Ikasle Asanbladak okupaturiko ikasle gela zein Gurutze Gorriaren indarraren bidezko desalojoak (eta azken honen eraispena). Argi dugu eraso guzti hauek elkarloturik daudela eta unibertsitateak instituzio bezala duen beste aurpegietako bat besterik ez dela”.

Zabaldutako agirian, Ikasle Mugimenduak unibertsitatean izan beharreko partehartzeaz ere hausnarketa egiten dute: “Argi dugu unibertsitatea ez dela espazio neutro bat zeina indar korrelazioaren bidez gure beharrei erantzuteko funtzionarazi dezakegun. Hau da, bertan ematen diren borrokek muga batzuk dituzte, eta hauen bidez ezin dezakegu egungo logika zein osotasunarekin apurtu. Dena den, epe labur batera begira erabaki taktikotzat jotzen dugu egungo markoaren baitan izan ditzakegun zirrikituak baliatzea, adibidez instituzio burgesa den unibertsitatearen baitan ikasle kontseiluak baliatzea kasu”.

“Baina aipatutako espazio horiek boteregune formal bezala ulertzen ditugu. Ondorioz, egungo markoaren baitan honen gaindipena eta suntsiketarako epe laburrean baliagarria izan ahal zaigunarekin batera, beharrezkoa deritzogu hauei kontrajarriko zaizkien boteregune errealen artikulazioa. Hau da, marko honetatik at kokatuko diren espazio autonomoen beharra”.

Liburutegiaren eraikinean dago areto okupatua.