argia.eus
INPRIMATU
Ikasle guztiek antzerkiaren beharra dutela iritzita, irakasleak formatzen ditu Iufala ekimenak
  • Euskal Herriko ikastetxe guztietan antzerkia landu dadila amets duen Iurgi Etxebarriak prest du irakasleentzako formazioa, zeregin horretan trebatu daitezen, antzerkigintza baliagarri ikusten baitu “norbere burua ezagutu eta rolak apurtzeko, lotsak eta beldurrak gainditzeko, gorputza ulertu eta emozioak lantzeko, sormena eta talde-lana indartzeko…”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 12a
Iurgi Etxebarria, eskolan antzerkigintza lantzen. Argazkia: Dani Blanco

Debagoienan hasitako bidea Euskal Herri osora zabaltzea helburu, Lehen Hezkuntzako 5. mailan antzerkigintza emateko formazioa eskainiko die Etxebarriak bai irakasleei bai eskolan antzerkigintza eman nahi duten aktoreei, irailaren 5etik 8ra Aretxabaletan.

Formazio saioetan, xedea da irakasleei laguntzea nola lortu haien eskoletan ikasleekin denon artean eta denontzako antzezlan bat asmatzen. Lau gako nabarmendu ditu profesionalak. Batetik, irudimena, irudimenetik jasotzen dena errealitatera ekartzeko prozesuan erreparatuz. Bestetik, pertsonaiak: norberak eraiki eta osatzen du pertsonaia, egokitu zaizkion hainbat ezaugarritatik abiatuta. Hain justu, rolen jolasa inportantea dela kontatu zigun Etxebarriak berak: “Ikasleek rol jakin bat izan ohi dute ikastetxean, baina antzerkigintzan rol horiek aldatu egiten dira, ikasle bakoitzarena, eta baita talde moduan ere; hau guztia baliagarri zaie norbere burua ezagutzeko, besteei ezagutarazteko eta ingurukoena berrezagutzeko”.

Hirugarren elementua: emozioak, berauek partekatzea eta gure barrenak ikertzea ahalbidetzen baitu antzerkiak. Eta azkenik, gorputza: artikulazioak, arnasa, ahotsa, indarra, erreflexuak… “Gorputzaren jarrerak berak salatzen du zein rol dugun egunerokoan, eta hori jorratzeko ariketak egiten ditugu, kontzientzia hartzeko zertara garamatzan gure gorputzak, besteen atzean ezkutatzera edo besteak estaltzera”, zioen solasaldian, jakinik fabrikako langileak makina darabilen moduan, norbere gorputza dela makina antzerkian, “guk maitatu eta zaindu behar dugu makina hau eta ezagutu behar dugu makina honek dituen baliabide eta aukera guztiak”. Bereziki inportantea da ikasleen kasuan, aintzat hartuz “nahiko tabua dela gorputza adin horretan, eta gainera denek dakite urte gutxiren bueltan aldaketak izango dituela euren gorputzak”.