Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala prestatu du azokarako aurtengoan ere.
Azoka 10:30-20:00 bitartean egongo da zabalik, eta goizetik hasiko dira tailerrak. Euskal kultura gertutik ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera izango dute ikasleek eta irakasleek gunez gune banatutako ekintzen bidez. Programak ikastetxeentzat zuzenduta dauden arren, azokarako sarrera librea izango da herritar guztientzat.
LH3tik hasi eta batxilergora arteko ikasleek zazpi gunetan antolatu diren ekintzetan parte hartu ahal izango dute, gehienez 25 pertsonako taldeetan banatuta. Inprobisazioaren tekniketan murgiltzetik hasi, eta bideoklipak sortzeko azalpen praktikoak jasotzera arteko tartea izango dute. Lantegiak Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian, Ahotsenean, Talaian eta Irudienean izango dira.
Ekintzetatik kanpo gelditu diren ikasleek aukera izango dute EuskarAbenturako postura hurbildu eta sormen dinamika bat gauzatzeko. Azokan parte hartu duten sortzaileak inspirazio iturritzat hartuta, mural erraldoi bat egitea da xedea. Ikasleek sortzaileengandik jasotakoa islatu beharko dute muraletan.
PortaDA! izeneko egitasmoa ere jarri dute martxan, eta ostegun honetan jakinaraziko dituzte sarituak. Euskarazko liburu eta disken azalak birsortzea da ekimenaren funtsa. Epaimahaiak, Durangoko Azokako komunikazio lantaldeak, bi kategoriatan banatuko ditu sariak, Lehen Hezkuntza eta DBH-Batxilergoa, kategoria bakoitzetik argazki batek jasoko du saria. Ikastetxe irabazleek “Musikariak Ikastetxeetan” programako saio bat jasoko dute opari.