argia.eus
INPRIMATU
Ikasle feministek elkarretaratzea egin dute Gasteizko EHUko campuseko irakaslearen sexu erasoak salatzeko
  • Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.

ARGIA @argia 2025eko otsailaren 17a
Otsailaren 17an egin dute elkarretaratzea Hispanikoko irakaslearen erasoak salatzeko. Errotik ikasleen talde feminista.

Astelehenez, eguerdian, deitu du bilkura Errotik ikasle feminista taldeak Gasteizko EHUren Letren Fakultatean. Argitaratu duten agirian jaso dute Filologia Hispanikoko irakaslearekin lotutako gertaerak ez direla kasualitatea eta ez dela kasu isolatua. Unibertsitate eremuan indarkeria matxista “behin eta berriz” errepikatzen dela diote.

Indarkeria kasuetarako protokolo “eraginkor bat” eskatu dute, erasotuak babestuko dituena, eta “ez soilik mekanismo burokratiko bat”. Erasotuaren testigantza “zalantzan jarriko ez duen” protokolo bat eskatzen dute, eta baita, halako jarrerak “onartzen dituen ingurune akademikoa” errotik aldatuko duena.

Salatu dute erasotzaileak erantzukizunik izango ez balu bezala jokatu duela, “inpunitate osoarekin”. Beldurra tresnatzat erabili izana egotzi diote, eta erasotuen testigantzak “ahalik eta gehien baliogabetu” dituela.

Ez dutela ezer gehiago onartuko aldarrikatu dute, eta “pasabideak, liburutegiak eta ikasgelak seguruak” izango direla. Indarkeriari aurre egiteko denen konpromisoa eskatu dute.