“Ikasle baterajotze nazionala” deitu dute Ikasle Abertzaleek martxoaren 17an, Euskal Herriko herrialde guztietako borrokak bateratzeko asmoz.
LOMCE, EU2015, 3+2 unibertsitate erreforma eta Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriko eskoletan ezartzen duen eredua “apurtu eta indargabe uztea” du xede dinamikak.
Ikasle Abertzaleek proiektu horiei kritika egiten dien irakurketa egin dute eta, era berean, alternatibak eraikitzeko premia azpimarratu. “Ikastetxeetan erreformen aurrean hezkuntza komunitateak argi adierazi du Euskal Herriak bere hezkuntza propioa behar duela. Guk, ikasleok, behar dugun hezkuntza ereduaren eraikuntza eta aldarrikapenean aurrerapausoak eman behar ditugu, hezkuntzan egiten diren aldaketak behingoz herriaren mesederakoak izan daitezen”.
Eredu talkan oinarritutako ekimenak
Hurrengo aste eta hilabeteetan ikastetxeetan kontzientziazio, formakuntza eta antolakuntza asanbladak egiteko deia zabaldu dute. Unibertsitateetan berriz, orain arte egindako prozesu parte-hartzailearen ondorioetatik “minimoak lortzeko borrokak” jarriko dituzte abian.
Otsaila hilabete beroa izan daiteke ikasle mugimenduarentzat, “progresiboki gorakorrak diren ekimenak” bultzatzeko asmoa agertu baitute, “normaldutako zapalkuntza egoera ikusarazi eta gure eredu propioaren esperientzia autogestionatuak martxan jartzeko baldintzak sortzeko”.
Funtsean, egungo hezkuntza ereduari bestelako egiteko moduak kontrajarri nahi dizkiete Ikasle Abertzaleek. Horretarako antolatuko dituzte Herri Unibertsitateak, besteak beste, otsailean Gasteizen, martxoan Ibaetan (Donostia) eta Leioan, eta apirilean Iruñean, NUPen.
“Zatiketa dikotomikoen garaian, demostratu dezagun apurtzea eta eraikitzea ez direla kontraesankor edota bateraezinak. Erakutsi dezagun ikasleok apurtzen dugunean errealitate berri bat eraikitzen ari garela”, adierazi dute Ikasle Abertzaleek prentsara bidalitako oharrean.