argia.eus
INPRIMATU
Ikasle batek pribatutasuna hobeto bermatzera behartu du Facebook
  • Max Schrems 24 urteko ikasle austriarrak berari buruzko informazioa gordetzen zuten 1.222 orrialde aurkitu zituen Facebook konpainiak bere esku jarritako datu-base batean. Ezabatutako mezu eta datuak zeuden tartean.

2011ko abenduaren 26a
ARGIAren Facebook.

Hainbat erreklamazio eta ikerketaren ostean, Europako erabiltzaileen datuen segurtasuna bermatzeko konpromisoa hartu behar izan du Facebook-ek.

Facebook-ek norberaren "artxibo pertsonala" deskargatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Ikasle austriarrak dioenez, artxibo horrek ez du konpainiak bere esku duen informazio guztia eskaintzen, lekuan-lekuko pribatutasun legeetara egokitutakoa baizik. Berak makina bat mezu bidali zien, informazio guztia bidal ziezaioten, eta 1.222 orrialdeko datu-basea jaso zuen azkenean.

"Facebook-etik zerbait ezabatzen duzunean, egiten duen gauza bakarra informazio hori ezkutatzea da, erabiltzaileak ikus ez dezan", esan du Schrems-ek. Berari buruzko datuak ikustean, Irlandako datu babeserako agentziarekin jarri zen harremanetan, Facebook-ek Europan duen  egoitza nagusia Dublinen dagoelako.

Hiru hilabetez luzatu diren ikerketen ostean, Irlandako autoritateek pribatutasuna bermatzeko neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu diote Facebook-i, Europako legedia aintzat hartuta. Konpainiak konpromisoa hartu du, besteren artean, erabiltzaileen argazkiak haien baimenik gabe ez erabiltzeko eta "atsegin dut" botoiaren bidez eskuratzen duen informazioa ezabatzeko.

Eduki "iraingarria" kentzeko eskatu du Indiak

Bestalde, Indiako bi auzitegik ikuspuntu erlijiosotik "iraingarriak" diren edukiak kentzeko eskatu diete Facebook, Google eta Yahoo! kanpainiei, PTI agentziak zabaldu duenez.