Martxoaren 30eko grebako propaganda egiten ari zela eraman dute atxilo Gasteizko ikaslea, asteazkenean. Ikasle Abertzaleak-ek elkarretaratzea egin du atxiloketa salatzeko. Ostegun goizean, berriz, lau ikasle identifikatu ditu Poliziak Ibaetako campusean.
Ikasle bat atxilotu dute Gasteizko EHUren campusean, martxoaren 30eko grebarako propaganda egiten ari zela, asteazkenean. Gedar-ek jaso duenez, hainbat ikasle jarraitu ditu kalez jantzitako polizia batek, eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek gazteen kontra egin dute, eta horietako bat Gizarte Langintzako fakultatean atxikita eduki ondoren atxilo eraman dute. Asteazken iluntzean utzi dute aske.
Ikasle Abertzaleak-ek atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin du iluntzean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Bertan, azpimarratu du Polizia "beste behin ere" campusera sartu dela "inpunitate osoz".
Horrez gain, Ibaeta Martxan proiektu komunikatiboak jakinarazi duenez, Ibaetako campusean ostegun goizean lau ikasle identifikatu ditu Ertzaintzak, horiek ere martxoaren 30eko grebako propaganda egiten ari zirela.
"Unibertsitate poliziala"
IAk salatu du EHU "unibertsitate poliziala" dela, askatasun politikoen urraketak "ez duelako etenik" eta "Poliziaren esku-hartzea ahalbidetzen" duelako "edozein gatazkaren" aurrean. Horren adibide jo dute asteazkeneko atxiloketa.
Antolakundeak azaldu duenez, kurtso guztian jasan behar izan dituzte "identifikazioak, jarraipenak, edota espedienteak irekitzearen mehatxuak", baina nabarmendu du greba aurreko egunetan Poliziaren errepresioa igo egin dela. Adierazi du azken asteetako Poliziaren presentzia "guztiz itogarria" izaten ari dela, "udaltzaingoz, ertzainez, kalez jantzitako poliziez eta seguratez beteta" egon delako campusa.
Asteazkeneko atxiloketaren aurrean EHUren "pasibotasuna" ere salatu du IAk. Dioenez, unibertsitateak "ez du ezer egin" Poliziaren interbentzioaren aurrean eta "informazio bideak moztu" dizkiete antolakundeko kideei.
Iazko martxoko greban 34 ikasle atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizko EHUren campusean. IAk salatu du EHUk espedienteak irekiko dizkiela 34 atxilotu horiei.