argia.eus
INPRIMATU
Steilasen proposamena ikasturtea bukatzeko
Ikasle bakoitzaren egoera aztertu eta hurrengo ikasturtean arreta pertsonalizatua bermatzea
  • Ikasle bakoitzaren egoera aztertzea, ikasturte bukaeran diagnosi sakon bat egin eta horren arabera hurrengo ikasturtean ikasleei ahalik arreta pertsonalizatuena bermatzea proposatu du Steilas sindikatuak, "bereziki, egoera zuargarrienean egon diren ikasleei". Premia bereziak dituzten ikasleak "bigarren mailakoak" bailiran tratatu direla salatu du, eta hurrengo ikasturtean arreta pertsonalizatua bermatzeko aurreikusi dituen gutxieneko beharrak azaldu ditu.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Hego Euskal Herriko irakaskuntzako Steilas sindikatuak proposamen hau egin du ikasturte hau amaitu eta datorrenari aurre egiteko, "modu egokienean". Koronabirusari aurre egiteko neurriek irakaskuntzan sortu dituzten egoera zailen eta zalantzen aurrean, sindikatuak eskatu du "ezinbestean eta berehala gutxieneko neurriak" hartzea. Honakoak, hain zuzen:

Ikasturte amaieran "diagnosi sakona"

Diagnosi horren abiapuntua hau izan behar duela adierazi du Steilas-ek: "Irakasle taldeek ikasle bakoitzaren inguruan jasotako ebaluazioa eta zuzendaritza taldeek ikastetxearen egoeraren inguruan egindakoa". "Ezinbestekoa da ikasle guztien egoera aztertzea", adierazi du.

Hurrengo ikasturtean, ikasleek arreta pertsonalizatua

Datorren ikasturtean ikasleek ahalik eta arreta pertsonalizatuena beharko dutela nabarmendu du sindikatuak, "bereziki ikasturteko azken hiruhilabetean egoera zaurgarrienean egon diren horiek".

"Era guztietako baliabideak" hornitu beharra

Aurtengo ikasturte bukaeran egitea proposatu duen diagnostiko sakon hori baliatu beharko luke Hezkuntza Sailak Seteilasen ustez, eta diagnostiko horren arabera "era guztietako baliabideak" hornitu beharko lituzkeela. Sindikatuak "gutxieneko" baliabide hauek aurrekusi ditu:

- Ordezkapen guztiak betetzea.

- Geletan bikoizketak egin ahal izateko ikastetxeak eskatzen dituen langileak onartzea.

- Etorri berriei euskara indartzeko funtzioa duten irakasle kopurua (HIPI) handitzea.

- Pedagogia Terapeutikoko langile kopurua handitzea.

- Gela bakoitzeko egon daitezkeen ikasle ratioak jaistea, "ikasleenganako arreta ahalik eta egokiena izan dadin".

- Ikasle guztientzat wifi publiko eta doakoa bermatzea erakundeek.

2020rako aurreikusitako Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) bertan behera geratzea ere eskatu du Steilasek.

Premia bereziak dituztenak, "bigarren mailako ikasleak"

Steilasek Hezkuntza sailari eskatu dio "hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak artatzeko prisma aldatzeko; izan ere, argi geratu da bigarren mailako ikasleak direla pandemia garaian egindako kudeaketarekin".

Hezkuntza publikoan BPGren %6ko inbertsioa eskatu du

Steilasek eskaera zehatz hau egin dio egun Jaurlaritzan agintean den EAJri: "Hezkuntza publikoan BPGarekiko %6ko inbertsioa egiteko konpromisoa eskatzen diogu". Gainontzeko alderdi politikoei eskatu die "baldintza hori betetzen ez den bitartean, aurrekontuak ez babesteko".

EAJri eskatu dio birzentralizatzeko politikei "muzin" egin eta "hezkuntza sistema propiora bidea eraikitzen has dadila, gure errealitate hurbilera egokitutako neurriak hartuz".

Udan ikastetxeak irekitzeari buruz

Udan ikastetxeak irekita mantentzeko aukera aztertzen ari da Espainiako Gobernua, zailtasunak dituzten ikasleek, modu boluntarioan, joan ahal izan daitezen. Neurri horri buruz zera adierazi du Steilasek: "Uztailean ikastetxeak irekitzeak arrakala gainditu beharrean kontrakoa ere ekar dezake" (albiste honetan jaso dugu osorik neurri horri buruzko sindikatuaren jarrera).