Idazki labur honen bitartez azken aldian askapen mugimenduaren baitan ikasle antolakundearen inguruan eman diren hainbat polemika argitu nahiko genituzke, gure eragilearen posizio politikoak azpimarratzearekin batera.
Izan ere, ikasle antolakundea eztabaida eta polemika politikoan egon da azken aste zein hilabeteetan. Polemika hau maila agerikoan eta publikoan, zein ez hain agerian eman dela ulertzen dugu; Antolakundeetako marko politiko ezberdinetan zein hauetatik kanpo. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu askapen mugimenduko eszenatoki politikoan hainbat posizio berretsi eta eguneratzea. Nolanahi ere, irakurketa honen xedea ez da inolako erasorik egitea, gure ustetan egoerak eskatzen dituen zenbait argipen egitea baizik.
Lehenik eta behin, egungo Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundea osatzen dugun kideok eragile honi dagokion ibilbide politiko osoa bere osotasunean gure egiten dugula azpimarratu nahiko genuke, hau da, 30 urte betetzera doan borroka zikloa eta bere sorreratik gaur arte egotzi zitzaizkion helburu estrategikoak: Euskal Herri aske, sozialista eta feminista baten eraikuntza. Ibilbide luze honetan ikasle antolakundeko kideok hamaika erronka izan ditugu Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko asmotan. Horretarako zenbait tresna eta bideorri sortzea egokitu zaigu, erabaki estrategikoak zein honi dagozkion bideorri taktikoak antolakundearen berezko erabakiguneetan hartu direlarik, militante guztion erabakiguneetatik hasita, hauek gauzatzeko egiturako marko guztietararte (Kongresuak, Bilgune Prozesua, militante guztion erabaki-guneak, Batzorde Nazionala...). Generazio bakoitzak, oinarriak gure eginez eta pausoz-pauso elikatzen saiatuz, bide eman diogu Euskal Eskola Nazionalaren aldeko borrokari: Euskal Herri langilearen hezkuntza, herritik eta herriarentzat sortua, eraikuntza independentista, sozialista eta feministarekin bat eginez.
Bigarrenik, garbi utzi nahiko genuke Ikasle Abertzaleak antolakundea herri mugimenduko eragile bat izaki, bere problematika propioari dagozkion erabakiak hartzeko autonomia eta independentzia duen antolakunde bat dela, eta honi dagozkion erabakiak ikasle antolakundeak aurrez onartutako erabaki markoetan adosten direla. Honekin esan nahi dugu ikasle antolakundeak independentzia duela momentu bakoitzean egokiena ikusten duen bideorri taktikoa martxan jartzeko, beti ere printzipio politikoak (independentzia, sozialismoa eta feminismoa) konpartitzen dituzten eragile politikoekin agendak batzeko konpromisoa gure eginez. Beraz, gure zehar-lerro estrategikoak garatzeko askatasuna beharrezko dugula uste dugu, zentzu honetan parekotasun egoera batean aurkitu behar garelarik herri mugimendu zein askapen mugimenduko eragile ezberdinekin. Taktika politikoa, ariketa politiko konkretua, Ikasle Antolakundearen erabaki markoetan egungo militanteok adostutakoa izan behar da, errespetu osoaz militante belaunaldi bakoitzak erabakitzen duenarekin.
Honenbestez, ez dugu Ikasle Abertzaleok barne jardunerako erabiltzen dugun prozedimendua zalantzan jartzerik onartuko, ez eta honekiko etekin politikorik bilatzea ere. Gure jarduna hezkuntza eremura mugatzen da, eta jardun hau modu egokian garatzeko gure baliabide estrategiko propioak beharrezkoak ditugu, horretarako gure erabaki marko espezifikoak izatea funtsezko elementua delarik. Askapen prozesuaren baitan problematika zehatzei erantzuten diegun herri mugimenduko eragileok independentzia eta horizontaltasuna beharrezko ditugu. Horrela lortuko baitugu, hain zuzen ere, askapen prozesuan ahalik eta ekarpen handiena egitera begira bai gure artean zein gainontzeko eragile politiko, sindikal eta sozialekin harreman eraikitzaileak gauzatzea. Hori dela eta, ez dugu inolako eragile eta alderdi politikoekiko subordinazio posiziorik onartzen. Hala ere, gure jardun politikoaren garapen egoki bat burutu ahal izateko ezinbestekoa iruditzen zaigu askapen mugimenduko eragile zein antolakundeen arteko harreman orekatu eta zintzoa sustatzea. Aspaldidanik azpimarratutako posizioa da honakoa, baina hainbat gako argitzera begira berreskuratzea beharrezko iruditu zaigu.
Azkenik, jakin badakigu Euskal Herriaren askatasunaren eta Euskal Eskola Nazionalaren bidean etsai politikoak Frantziar zein Espainiar estatua eta burgesia atzerritar zein euskalduna direla, askapen prozesua blokeatzen dirautenak betinadik. Euskal Herri Langilearen konstituzio propioa gaurdanik ahalbidetzeko askapen mugimenduko agente politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarlana eta artikulazioa ezinbestekoa iruditzen zaigu, beti ere autonomia, horizontaltasuna eta errespetuan oinarrituz eta subordinazioa albo batera utziz eraikitzen bada. Honenbestez, askapen mugimenduko eragileak bidelagun kontsideratu nahi ditugu, jakitun izanik gure aktibitate praktikoa hezkuntza eremura mugatzen dela: Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzara hain zuzen ere (ez dena erronka makala!). Honetarako, espazio politiko bakoitzaren independentzia estrategikoa funtsezkoa iruditzen zaigu, posizio honetatik ematen baitira iraun dezaketen aliantzak.
Laburbilduz, Ikasle Abertzaleon jarduna errespetatzeko mezua zabaltzen dugu, soilik posizio honetatik garatuko baitugu aktibitate politiko orekatu, eraikitzaile eta eraginkorra. Horrekin batera, elkar akusaziorako posizioek aurrez aipaturiko etsaia soilik elikatzen duelakoan gaude, eta funtsezkoa deritzogu hauek albo batera uztea. Herri mugimenduaren eta askapen prozesuaren parte garen eragileon arteko errespetuzko eta elkarlanerako aro politiko bat berreskuratzea espero dugu, autokritikarako posizioak irekiaz eta mugimendu bakoitzaren autonomia errespetatuz.
Gora Ikasle Abertzaleak!
Gora Herri Mugimendua!
Gora Euskal Herri aske, sozialista eta feminista!