“Ikasle Abertzaleak antolakundeak manifestazio nazionalerako deialdia egin du, Arrasaten, otsailaren 22an, eguerdiko 12:30ean Laubide plazatik hasita, Arizmendik ikasleen eskubide politikoekiko erakusten duen axolagabekeria eta mespretxua ozen salatzeko”.
Argian argitaratu genuen moduan, greba-araudia aldatzeko prozesua hasi dute Arizmendi ikastolan eta IAren mobilizazio nazionalerako deiaren ostean, ikastolako zuzendaritzaren bertsioa ere jaso genuen. Komunikatua atera du orain IAk eta bertan diotenez, “hilabete askotan, IA-k borroka egin du Arizmendik gaur egun daukan greba araudi onartezina aldatu dezan. Araudi hori baliatuta, grebak sistematikoki boikotatu izan dira; izan ere, %25eko desbinkulazioa lortuz gero, greba ez da irteten, nahiz eta gainerako %75ak aldeko botoa eman. Egoera hori probokatzeko, atzeratu ezin omen diren azterketak jartzen dituzte greba egunetan, xantai gisa”.
"Hau ez da ikasle batzuen kapritxoa"
“Arizmendik, bilera batean, otsailaren 1ean, hitza eman zion IAko ordezkari bati, greba araudia aldatuko zela, 3 hilabeteko epean, euren tramiteak bete eta gero. IAk, oso kontuan hartu zuen bertan hitzemandakoa. Baina azken asteotan egitekoak ziren urratsak (gela-ordezkariekin bilerak, greba araudiaren aldaketen berri emateko) egin ez dituztela ikusita, eta hiru hilabeteko epea ikasturte bukaerara gehiegi hurbiltzen ari dela ikusita, beste urrats bat emango du manifestazio nazionalaren bidez. Hau ez da ikasle batzuen kapritxoa. Hau ikasle iraultzaileen ahalduntze ariketa bat da. Ez dugu onartzen grebarako eskubide errealik ez izatea, eta ez dugu negoziatuko justiziaz dagokigun ezer”.
IAren eskariak honakoak dira: %25eko desbinkulazioaren puntua desagertzea, paroak egin ahal izatea grebako baldintza berdinekin, 4.DBHko ikaskideek parorako eta grebarako eskubidea lortzea, greba egunak azterketa egun batekin bat eginez gero azterketa atzeratzeko eskubidea, eta IAko militanteek askatasunez egin ahal izatea euren lan politikoa ikastetxean(aurkezpenak, bilerak…).
IAren jardun politikoa oztopatzeko saiakerak ere salatu dituzte ikasleek.