Euskal Herriko Unibertsitatea ikasleen aurkako "erasoen" erantzule zuzena dela uste dute, eta Leioako Campuseko ikasleek hainbat eskakizun egin diote.
Martxoko gertakariek bi hezkuntza ereduren arteko talka azaleratu zuten: unibertsitatea sistemaren mesedera lan egiteko gune huts gisa ulertzen dutenen eta heziguneek proiekzio sozial eta politikoa izan behar dutela uste dutenen artekoa. Ertzaintzak San Mameseko ikasleak gauzatzen ari ziren Herri Unibertsitatea "bortizki" desalojatu izana da horren adierazle argi bat. 41 gazte identifikatu zituen Poliziak, eta batzuei inputazioak iritsi zaizkie dagoeneko. Halere, Ikasle Abertzaleek uste dute ez dela kasu isolatu bat, eta martxoaren 17ko mobilizazio egunean ikasleek jasandako errepresioa ere salatu dute; hamalau gazte atxilotu zituzten, eta hamarnaka identifikatu.
EHU jotzen dute "eraso" horien guztien erantzule. Izan ere, berak bidali zuen Ertzaintza San Mameseko Herri Unibertsitatea desalojatzera, eta bertan zeuden ikasleei mehatxu egin zien espediente disziplinario bat irekitzearekin. Horrez gain, salaketak jarri ditu Gasteizko ikasle ugariren aurka martxoaren 17ko mobilizazio eguneko gertakarien harira, eta Leioako ikasle bat ere auzipetuta dago azaroaren 26an EHUk, unibertsitateko polizia indarrez baliatuta, jarri zion salaketagatik. "Ertzaintza unibertsitatera sar dadin eskatzea ekintza benetan larria da, baina are esanguratsuagoa da unibertsitateak zuzenean ikasleen kontra egitea, mehatxuen zein zuzeneko salaketen bidez", ohartarazi dute Ikasle Abertzaleek.
EHUri egin dizkioten eskakizunak:
Mobilizazioak
Ikasleek jakinarazi dute mobilizatzen jarraituko dutela EHUk neurri horiek guztiak bete arte. Apirilaren 13an elkarretaratzea egingo dute 12:50ean Mikel Laboa plazan, eta apirilaren 26an campus osotik barrena manifestatuko dira.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra