Eusko Legebiltzarraren aurrean elkartu dira Ikasle Abertzaleak-eko kideak martxoaren 13rako ikasle grebara deitzeko. “Azken hilabeteetan borroka prozesuak martxan jarri ditugu Euskal Herriko ikastetxe eta campusetan eta, orain, pausu bat gehiago emateko unea dela uste dugu".
Martxoaren 13an ikasle greba egingo du Ikasle Abertzaleak taldeak, "negozioen eta inposizioen hezkuntzaren aurrean borroka egiteko". Adierazi dute enpresari handien eta politikari profesionalen kontrolpeko hezkuntza sistemaren helburua gazte belaunaldiak etorkizuneko lan indar bihurtzea dela, eta horregatik, “merkantilizatutako eta autoritarismoan oinarritutako hezkuntza eredua inposatzen ari dira, ikasle langileon interesak alde batera utzita”. Hezkuntza eredu gero eta “miserableagoa” dakarten inposizio orori aurre egiteko aterako dira kalera, pauso bakoitza "hezkuntza sistema sozialistaren" norabidean jarrita.
Ikasleei dei egin diete datozen asteetan antolatuko dituzten ekimenetan parte hartzera eta martxoko ikasle greban borroka egitera.