argia.eus
INPRIMATU
‘Ikaskoli’: 15. urtez Eguberri saskiak saltzen ari dira Zuberoako ikastolei laguntzeko
  • Zuberoako ikastolei (Seaska) laguntzeko Eguberrietarako otarreak saltzen ari dira Euskal Herri osoan, 15. aldiz antolatutako Ikaskoli operazioan.  Abenduaren 10 arte egin daitezke eskariak, bai herri askotan saskion salmenta sustatzen duten boluntarioei jakinaraziz, edo baita Ikaskoli-ren webgunetik bertatik. Saskiekin batera aurten Jean Bordaxarren Ildoa disko berria ere eskaintzen dute.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 19a

2003 urtean ekin zioten saskion salmentari, Eperra eta Alozeko Ikastolei laguntzeko, aurten 15. edizioa izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute 2017ko kanpainan 1.400 otarre saldu zirela, horietatik ikastolentzako 15.000 euroko dirutza garbia lortuz.

Hedabideei eta hainbat euskaltzaleri helarazitako informazio gutunean Zuberoako ikastolen sustatzaileek diotenez, kanpainaren helburu nagusiak dira Zuberoako ikastolen egoera ekonomikoa hobetzea eta lurralde hartako janariak ezagutaraztea. "Urtez urte, otarre kopuru salmenta emendatuz joan da, elkartasun sareak garatzen ari delako marka. Ikastolan, haur kopuruak haundituz doazen heinean, gastuak ere areagotzen dira. Diru laguntza publikoak ez du ikastoletako egoera ekonomikoari, erantzuten, inondikan ere. Diru iturri alternatiboak, behar beharrezkotzat dira oraino ere, ikastolek segi dezaten beren funkzioa betetzen baldintza hoberenetan".

Euskal Herri osoan hain ezagunak egin diren kartoizko kutxetan, bi saski eskaintzen ditu aukeran Ikaskoli-k: Ahüski 40 eurotan eta Irati 52 eurotan. Horiez gain, aurtengo edizioan eskaintzen dute Jean Bordaxar kantariaren Ildoa disko berria, Bordaxarren laugarrena: 10 eurotan erosten ahal da.