argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagunek ikasketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute
  • Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte mobilizazioak ostegun eguerdian, "hezkuntza euskaraz izango da" lelopean.  Euskal Herrian ikasketa prozesua euskaraz egiteko zailtasunak salatu eta ikas prozesua %100ean euskaraz izatea bermatu dadila eskatu dute. 

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 23a
Donostiako mobilizazioko argazkia. (Argazkia: Irati Urdalleta / Berria)

Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikama ikasle mugimenduak eta unibertsitateetako hainbat euskara taldek deitu dituzte mobilizazioak. Beste eragile eta norbanako ugari batu dira deialdira eta lau eskakizun nagusi jarri dituzte mahai gainean: hezkuntza euskaraz %100ean bermatuko duen irakasleen kontratazioa, hezkuntza prozesuan zehar eduki guztiak euskaraz izatea, hezkuntza prozesua garatzeko espazioa %100 euskalduna izatea, eta hezkuntza prozesua Euskal Herriko errealitatera egokitzea.

Eguerdiko 12:00etan abiatu dira mobilizazioak: Iruñean Antonniuti plazan, Donostian Bulebarrean, Gasteizen Elurretan, eta Bilbon Jesusen Bihotzan. "Euskal Herrian hezkuntza euskalduna", "Euskararik gabe Euskal Herririk ez", "Hezkuntza honek ez du euskalduntzen" eta "Euskaraz ikasi nahi dugu" oihuak entzun dira lau hiriburuetan barrena. 

Azpian, adibidez, Bilbon milaka gazte bildu direla erakusten duen bideoa.

Eta azpian, Iruñeko manifestazioaz Ahotsa.info-k egin duen bideo-erreportajea.

Manifestazioaren ondorengo ekitaldietan, "Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten beharra" azpimarratu dute. Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak Euskalerria irratian azaldu duenez, "ezin da euskararen normalizazioaz hitz egin ez baldin badago bermatua euskaraz bizi eta ikasi ahal izatea". Gaur hezkuntzaren esparrua jarri dute fokoa: "Uste dugu normalizaziora bidean ezagutzak jendarte guztiaren eskura egon behar duela ,eta gaur egun ez dago bermatua".

Irantzu Idoate, ikaslea: "Ohartu gara EHUn ere ez dugula gure ikas prozesua euskaraz bermatua eta oztopo anitz ditugula euskaraz ikasteko, Iparraldekoak izanik are gehiago"

Ugariak dira mobilizaziora deitu duten ahotsak. “Euskara azkenaldian jasaten ari den enegarren eraso eta jarrera oldarkorren aurrean” manifestatzeko beharra nabarmendu du Iker Plazaola EHUko ikasleak. “Pertsonen loratzean hezkuntza ezinbesteko ekosistema da eta Euskal Herrian pertsonak euskaraz loratu nahi ditugulako, etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugulako, hezkuntza euskaraz izan behar da”, aldarrikatu du Estitxu Garai EHUko irakasleak.

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan egoera are zaurgarriagoa dela ere jarri dute mahai gainean. “Ipar Euskal Herrian maiz gure hizkuntza eskubideen alde borrokatu izan dugu eta EHUra etorri ginen gure ikasketak euskaraz segitzeko xedez, baina ohartu gara hemen ere ez dugula gure ikas prozesua euskaraz bermatua eta oztopo anitz ditugula euskaraz ikasteko, Iparraldekoak izanik are gehiago”, dio Irantzu Idoate ikasleak.

Unai Irigarai, ikaslea: "2023-24 ikasturterako NUPek 13 master eskaintzen ditu, horietatik euskaraz bakar bat ere ez. Lotsagarria da"

Nafarroako trabak mobilizazioen aurkezpenean zerrendatu zituzten: “Euskaldunon hizkuntza eskubideak zonaldeen arabera aldatuz, herri ezberdinetako familien hautuaren aurka arituz eta D eredua ez eskainiz, herri oso baten iritziaren gainetik zonalde mistora pasatzearen aurka eginez, NUPen euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatuz, hizkuntza paisaiaren elebitasunaren beharra ez errespetatuz, euskarazko haur eskolen eskaintza murriztuz, euskara alemanera edo ingelesaren atzetik baloratuz...”.

Unai Irigarai NUPeko ikasleak adibide esanguratsua darabil: “2023-24 ikasturterako NUPek 13 master eskaintzen ditu, horietatik euskaraz bakar bat ere ez. Zero. Lotsagarria da NUPek euskararekiko duen jarrera eta hau aldatzeko ardura gurea ere badelako, ortzegunean Iruñeko karrikak beteko ditugu”.

Antolatzaileen hitzetan, mobilizazioez gain bestelako ekintzak ezinbestekoak dira, eta horregatik gizarte eragileei, eragile sindikalei, eta eragile politiko eta instituzionalei eskatu diete "erasoaren neurriko erantzuna" emateko urratsak egin ditzatela.