argia.eus
INPRIMATU
Ikasgeletara itzulera abiatu dute EAEn
  • DBH 4ko, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak ikasgeletara bueltan dira. Dena den, behar akademikoak dituzten ikasleak soilik joko dute ikastetxera, eta hainbat zentrok ez dituzte ateak irekiko.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 25a
(Argazkia: Cristina Uriarte)

Maiatzaren 18an zuen ikasgeletara itzulera abiatzeko asmoa Eusko Jaurlaritzak; hala iragarri zuen Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak, hezkuntza komunitatearekin hala egitea adostu gabe. Alabaina, aste betez atzeratu da ikasgeletara buelta, Uriartek itzulera aurretik gauzatzeko estaldura juridikorik ez zutela onartu ostean.

Hala bada, maiatzaren 25eko astelehenez bueltatu dira ikastetxeetara 15 urtetik gorako ikasleak. Dena den, itzulera ez da orokorra; batetik, ikasgeletako ateak zabaltzeko erabakimena tokian tokiko ikastetxeen esku geratu da, eta bestetik, soilik behar akademikoak dituzten ikasleak –selektibitatearen prestaketa kasu– hartuko dira ikasgeletan. Ikasle askok telelanaren bidez jarraituko dute funtzionatzen.

Ikasgeletara itzulera gauzatzeko segurtasun neurriak ezarri dituzte: maskarak jantzita eraman behar dituzte ikasleek, ikasle kopuru txikiak hartu ditu gela bakoitzak, eta segurtasun distantzia mantenduko da.

Berriako kazetari Irati Urdalletak Donostiako Axular lizeoaren ateetan ikasleei tenperatura nola hartzen zieten jaso du:

Sindikatuek, beren aldetik, adierazi dute oso gutxi izan direla klase presentzialak abiatu dituzten ikastetxeak. Hori horrela, bai ELAk zein Steilasek publiko egindako oharretan zera ondorioztatu dute: ikastetxe gehienek bat egin dutela ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ikasturte amaierako egindako proposamenarekin.