argia.eus
INPRIMATU
Ikasgeletako ratioak jaitsi nahi ditu Jaurlaritzak, jaiotze tasaren beheranzko joeraren aurrean
  • Jaiotze tasaren beheranzko joerak ikasgelak eta ikastetxeak itxi behar izatea ekarriko duela aurreikusita, Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasgeletako gutxieneko ratioa jaitsi nahi du Eusko Jaurlaritzak, El Diario Vascok jaso duenez: gutxieneko ikasle kopurua 17tik 11ra jaitsi nahi du sare publikoan, eta 13ra sare kontzertatuan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko maiatzaren 25

Oraindik publiko ez den Eskola Planifikazioaren zirriborroa azaldu du El Diario Vascok: Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasgela batek izan behar duen gutxieneko ikasle kopurua jaitsi nahi du Eusko Jaurlaritzak, ez arrazoi pedagogikoengatik, baizik eta jaiotze tasen beheranzko joerak zail jarri dezakeelako etorkizunean ikastetxe ugariren biziraupena.

Ikasgela bakoitzeko gutxieneko kopurua jaitsi da, baina gehienezko kopuruan ez du apenas aldaketarik egin zirriborroak. Egokitzapenak ere egin beharko dira, zirriborroak berak bestelako gutxieneko kopuruak mantentzen baititu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilerren: gutxienez 17 ikasle gelako.

Eskola Txikien kasuan, 2 eta 6 urte arteko ikasleak hartzen dituzten ikasgelek gutxienez 8 ikasle izan beharko dituzte eta 2 eta 12 urte arteko ikasleak hartuz gero, 18 ikasle.

Zein bide egingo du zirriborroak?

Eusko Jaurlaritzari dagokio Eskola Planifikazioa zehaztea, eta dekretu bidez egingo du. Dena den, EAErako Hezkuntza Legearen oinarriak adostu dituzten alderdiekin mahaia osatzea eta hainbat dekreturen jarraipena egitea aurreikusi zuten, tartean Eskola Planifikazioaren jarraipena. Hortaz, teorian zirriborro honen inguruan eztabaidatuko lukete EAErako Hezkuntza hitzarmenean parte hartu duten taldeek: EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU.