argia.eus
INPRIMATU
Ikasgeletako ratioak etapa guztietan mugatzeko legea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari
  • Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo gobernu aldaketez haratago”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko martxoaren 04a
Euskalerria Irratia

Astearte goiz honetan kalera atera dira hezkuntza komunitateko hainbat kide. Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu dira, gehienezko ratio kopurua bermatuko duen foru legea eskatzeko. Ratioak Jaitsi 0-18 guraso taldeak, Sortzen-ek eta 0-3 Plataformak deitu dute elkarretaratzera. Hezkuntza Batzordean agerraldia egitekoak ere dira, aurrerago.

Irakasleek ezin dute beren lana gauzatu, gela bakoitzeko 20-25 ume badituzte, diote; “hori da Patxi Larraintzarren, Ezkaban eta beste hainbat eskolatan topatu dugun errealitatea”. Ikasgela barruan askotariko errealitateak daudela eta horiei guztiei modu egokian erantzuteko ratioen jaitsiera premiazkoa dela argudiatu dute: “Esku-hartzeak hobetzeaz gainera, ikasleen elkarbizitzan, osasun mentalean eta inklusioan onura franko suposatuko luke neurriak”. Izan ere, LOMLOEk ezartzen duen aniztasunaren trataera “oso dotore geratzen da paperean, baina errealitatean ezinezkoa da gero eta masifikatuago dauden geletan gure seme-alaben beharrak, emozioak eta egoerak artatzea, bereziki, egoera zaurgarriagoan daudenenak”.

"Ezinezkoa da gero eta masifikatuago dauden geletan gure seme-alaben beharrak, emozioak eta egoerak artatzea"

Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuari eskatu diote etapa guztietan ratioak jaisteko “beharrezkoak diren inbertsioak” egin ditzala.

Kopuru zehatzak

Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak egindako gomendioei jarraiki, ratio kopuru egokitzat zein jotzen dituzten ere zehaztu dute. Haur eta Lehen Hezkuntzan: 4 ume gehienez 0-1 adinean, 6 ume gehienez 1-2 urterekin, 8 umera arte 2-3 adinean, 15 ume gehienez 3-6 urte bitartean, eta 18 haur gehienez 7-12 urte dituztenean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 15-20 ikasle artean (13-16 urteko gazteen kasuan) eta Batxilergoan, 15-25 ikasle (17-18 urteko gazteen kasuan).