argia.eus
INPRIMATU
Ikasgelan ezin sartu gelditu dira ikasleak, denentzako lekurik ez dagoelako
  • EHUren Gasteizko campusean gertatu da: aurrez aurreko klasera deituta zeuden 27 ikasleetatik, lehenengo iritsi diren 18ak baino ez dira sartu ikasgelan, gehiagorentzako lekurik ez dagoelako gela horretan –segurtasun neurriak tarteko–. Kanpoan geratu diren ikasleak beste gela batean sartu dituzte, ikasgaia on-line jarraitzeko. Gelak ez zuen konexiorik. “Uda osoa daramate itzulera segurua iragartzen, eta hau da aurkitu duguna”, kontatu digu Ander Aduriz ikasleak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 22a

Aurrez aurreko lehenengo eguna zuten astelehen honetan Historiako laugarren mailako ikasleek. Bi aste daramatzate etxetik on-line, eta astelehen honetatik hiru txandatan –hiru taldetan– banatuta ekin diote aurrez aurrekoari: alegia, aste batean batzuk aurrez aurre arituko dira eta beste bi talde etxetik, eta horrela txandaka. Ezustekoa, ordea, lehenengo egunean bertan iritsi da: lehenengo taldea 27 lagunekoa da, eta 18 pertsonarentzako lekua du aukeratutako ikasgelak.

“Martxoan sorpresaz harrapatu gintuen egoerak, orain ez dago aitzakiarik”

“Bedelak beste gela batean sartu gaitu, beste ikasgaitako jende gehiagorekin nahastuta, klasea on-line jarraitzeko. Ez zegoen konexiorik eta informatikoak arazoa konpondu duenerako, 40 bat minutu igaro dira”, azaldu digu Adurizek. Bera Hernanitik joan da Gasteizera, aurrez aurreko eskola hartu ahal izateko, “baina honetarako, etxetik jardutea berdin-berdin izango zen. Irakasleak esan du hurrengo asteetarako gela handiagoa lortuko dutela, baina ez da ulertzen. Martxoan sorpresaz harrapatu gintuen egoerak, orain ez dago aitzakiarik, denbora egon da gauzak antolatzeko”.

Ikaskideak haserre ikusi ditu Ander Adurizek. “Lotsagarria da eta EHUn administratiboki gaizki ari direla iruditzen zait, irakasle ugarik ere berdina esan dute”.

Ander Adurizek sare sozialetan zabaldu du kexa, eta berehala jaso du beste ikasle baten erantzuna: beraiek ere, bi aste halaxe dabiltzala salatu du.