argia.eus
INPRIMATU
Ikasgela osoa konfinatuta, eta irakaslea ez?
  • EAEko zenbait ikastetxetan gela bateko ikasle guztiei itxialdian egoteko eta PCR probak egiteko agindua eman zaien bitartean, gela bereko irakasleari ez zaiola ez PCR probarik ez itxialdirik gomendatu salatu du STEILASek. Funtsezko langile diren aitzakian, Eusko Jaurlaritza ez da ari irakasleak behar bezala artatzen eta babesten, dio sindikatuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko urriaren 26a

Irakaslea, komodina

Onartezina iruditu zaio hezkuntza sindikatuari: Jaurlaritza osasunaren zaintzarako denok dugun eskubidea urratzen ari dela dio, eta irakasleak ezin duela izan “osasun publikoan aplikatutako irizpideak nahiz protokoloak baliogabetzeko komodina”.

Gutxieneko neurria da dagokion kasuetan PCRak agindu eta itxialdi prebentiboak gauzatzea, dio STEILASek, eta bide horretan, hezkuntza langileak behar bezala artatuak eta babestuak izateko neurriak har ditzala exijitu die Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko arduradunei.