argia.eus
INPRIMATU
Ikasgela bat okupatu dute EHUko ikasleek, biltzeko espaziorik ez zaiela uzten salatzeko
  • Aspalditik ari dira Unibertsitateko Indar Batasuna taldeko ikasleak biltzeko espazio baten beharra aldarrikatzen, euren jardun politikoa aurrera atera ahal izateko. Otsailean Filosofia fakultatean itxi ziren, baina Ertzaintzak kanporatu zituen. Errektoretzaren erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela-eta, berriz ere ikasgela bat okupatu dute Donostiako Ibaetako fakultate berean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko apirilaren 26a
@ibaetamartxan

“Negoziazioekin aurrera jarraitzeko borondatea izan dugun arren, ez dugu erantzunik jaso ez EHUko errektoreordetzaren ez Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanotzaren partetik”, dio UIBk. Hori salatzeko, martxoaren 29an mobilizazioa egin zuten, eta egoera ez dela aldatu ikusita, “EHUren jarrera pasiboak eta antolatzeko azpiegituraren beharrak espazio batean berriro sartzera behartu gaitu”.

Fakultate horretako Ikasle Kontseiluak bat egin du eskakizunarekin, kide guztien adostasunez.

Eskubide baten urraketa

Ikasleek diote elkartzeko eta jardun politikoa aurrera ateratzeko duten eskubidea urratzen diela unibertsitateak. Oraingoan, gainera, gutuna idatzi dute, “legeen baitako argumentazio juridikoa” osatuta. “Bertan, argi ikusten da espazioa izateko dugun eskubidea, baina legalki horrela den arren, eskubidea betetzen ez dela ikusita, espazioa hartzea erabaki dugu”.

Aurrekariak

Otsailaren 22an, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Zorroaga aretoa okupatu zuten, aldarrikapen bera eginez. Negoziaketa bultzatzeko presioa egitea zuten helburu, baina “EHUk ez zuen proposamen zehatzik egin eta ez zigun bermerik eskaini espazioa lortzeko”. Orduko hartan, 80 ertzainek ikasleak desalojatu zituzten, horietako 35 identifikatuz.