Eskola-orduak materiaka eta ikasgaika banatu ordez, gaitasunak ikuspegi globalagotik proiektuka eta egoera errealetan oinarrituta landuko dituzte ikasleek Finlandian, 2016tik aurrera.
Phenomenon Based Learning (Gertakarietan Oinarritutako Ikaskuntza) metodoa ezarriko dute ikastetxeetan. Horrek esan nahi du mundu errealeko gertakariak izango direla ikaskuntzarako abiapuntu, gertakariak bere osotasunean hartuz eta horien gainean hainbat materia landuz, modu integratu eta integralean, materiak modu isolatuan –alegia, ikasgaika– jorratu ordez.
Landu beharreko gertakaria izan daiteke, esaterako, Europar Batasuna, hedabideak, ura, energia, gizakia… Ikasgaien arteko mugak gainditu eta modu naturalean diziplina-arteko pentsamendua bultzatzea da asmoa, gertakariei (eta bizitzako/etorkizuneko afera eta arazoei) ikuspegi ugaritatik heldu ahal izateko, erreminta ugari erabiliz.
Errealak diren –eta beraz zentzua ikusten dieten– gertakarien inguruan landuko dituzte ikasleek informazioa, ezagutza eta gaitasunak. Ikerketa eta praktikotasuna ere sustatzen ditu metodoak.
Irakasleak bidelagun
Irakasleak formazioa jasotzen ari dira Finlandian, eredu berrira egokitzeko. Hemendik aurrera, ikasleekin eta gainerako irakasleekin elkarlanean aritu beharko dute, eta euren lana ez da katedra ematea izango, bidelagun izatea baizik.