argia.eus
INPRIMATU
Ikasgaiak ez gainditu arren, ikasleek ez errepikatzea erabaki ahalko dute irakasleek, Hego Euskal Herrian
  • Lehen Hezkuntzan ikasturtea errepikatzea salbuespena izango da 2., 4. eta 6. mailan, eta 1., 3. eta 5. mailan denek automatikoki gaindituko dute ikasturtea. Bigarren Hezkuntzan, ikasgaiak ez gainditu arren ikasturtean aurrera egingo du ikasleak, irakasleek erabakitzen badute horretarako prest dagoela. Ekaineko eta iraileko deialdi bereziak bertan behera utzi ditu baita ere Espainiako Gobernuaren dekretuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 17a

Espainiako Gobernuak Espainiako Estatu guztirako onartu duen dekretua hurrengo ikasturtetik aurrera jarriko da martxan.

Lehen Hezkuntzan, salbuespena

Lehen Hezkuntzan, 1., 3. eta 5. mailan ikasturtea ikasle guztiek gaindituko dute automatikoki, ikasgaiak gainditu ala ez. 2., 4. eta 6. maila errepikatu dezakete, baina dekretuak dio ikasturte horietan ere “guztiz salbuespenezkoa” izan beharko lukeela errepikapenak.

Aurreko ikasturtean gainditu gabeko ikasgaiak dituen eta aurrera egin duen ikaslearentzat laguntzak eta errefortzuak aurreikusten ditu legeak.

Bigarren Hezkuntzan, irakasleen erabakia

Derrigorrezko Bigarren hezkuntzan, irakasle taldeak erabakiko du ikaslearentzat zer den onena, eta ikasgaiak gainditu gabe izan arren, irakasleek ikusten badute ikaslea gai izango dela mailaz igota ikasgai horiek berreskuratzeko, ez diote ikasturtea errepikaraziko.

DBHko ekaineko eta iraileko azterketa deialdi bereziak bertan behera utzi ditu legeak, “bederatzi hilabeteko prozesua proba bakarrean konpondu nahi izatea” kontraesana dela ulertuta.

Batxilerrean, ebaluazio jarraitua

Batxilergoko bi mailetan, ebaluazio jarraitua egingo da, eta titulua eskuratzeko ikasgai guztiak gainditu beharko ditu ikasleak, baina ikasgai bat gainditu gabe izanda ere lortu dezake titulua, irakasleek hala erabakitzen badute.

“Motibazioa ardatz, ez zigorra”

Espainiako Hezkuntza ministroaren hitzetan, neurri horiekin motibazioan oinarritutako esfortzua nahi dute indartu, eta ez zigorra, ikaslearen eskola ibilbidean. Gainera, azpimarratu du irakasleak direla ikasleen konpetentziak hobekien ezagutzen dituztenak, eta beraz logikoena dela haiengan uztea azken erabakia.

Errepikatzea: aukera ala estigma?

Errepikatzeari buruzko Larrun monografikoa argitaratu genuen Argian, errepikatzea ikasleentzat aukera ala zigorra ote den eztabaidatzeko, gai ez diren ikasleen salbazio ala egungo eskola ereduaren gabezien isla ote den neurria. Errendimendu akademikoari gehiegi begiratzen dion hezkuntza sistemaz, ebaluazio paradigma aldatzeko premiaz, errepikatzeak duen estigmaz eta espektatibek duten pisuaz, ikasle bakoitzaren egoera eta erritmoak errespetatuko dituen ibilbide akademiko malguen beharraz, legediaren kontraesanez… aritu zitzaizkigun mahaikideak. Lotura honetan irakurri dezakezu.